Jaien garaiari hasiera, Zabaleta auzoan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko maiatzaren 27a

Zabaleta auzoa festetan da igandera bitartean. Jai batzordeak egitarau zabala antolatu du, “auzolanean”, urtero bezala. Astean zehar, haurrentzat jolasak, antzerkia eta bonba japoniarren jaurtiketak iragarri dituzte eta, asteburuari begira, badira zenbait ekitaldi aipagarri: ostiralean, 19:00etan, festen hasiera Dinbi Banda batukadarekin, Xumelako abeslariekin eta Kukukako dantzariekin eta, ondoren, erromeria. Larunbatean, 20:00etan, lau neska bertsotan eta, gauerditik aurrera, rock kontzertua. Igandean euskal jaia, herri bazkaria eta erromeria.

Asteartean hasi eta igandera arte luzatuko dira 2013ko Zabaleta auzoko jaiak. Zabaleta Auzolaneko jai batzordeak ahalegin handia egin du aurten ere, eta erromeriak antolatu ditu ostiral iluntzean, gauean eta igande arratsaldean.

Larunbatean aldiz, giro bikaina izango da. Batetik, lau neska arituko dira bertsotan arratsaldeko 20:00etatik aurrera: Maialen Lujanbio txapelduna, Ane Labaka, Amaia Agirre eta Alaia Martin. Gaiak Unai Muñoak jarriko ditu. Eta gauean gazteentzako rock kontzertuan herriko bi taldek joko dute, “Makulu Ken” eta “The Garax”.

Haurrak astean zehar
Astearte eta asteazkenean haurrentzat joko eta antzerkia antolatu dituzte 18:00etatik aurrera eta 20:00etan japoniar bonbak jaurtiko dira. Asteartean jolasteko, kamiseta zuriarekin joateko eskatzen zaie haurrei. Asteazkenean antzerkia izango da, 18:00etan, eta oparien zozketa, 19:30ean.

Ostiralean, 19:00etan hasiko da festa giroa. Dinbi Bandaren laguntzarekin, Teresa sorginaren jaitsiera egingo da, 19:30ean sorgin dantza herrikoia eta 20:00etan erromeria “Itzartu” taldearekin. Aurretik antzerkia eta txokolatada izango dira haurrentzat, 18:00etan hasita. Ostiral gaueko eskaintza hirukoitza da: 22:00etan Xumela abesbatzak kantatuko du, 23:00etan Kukukako partaideek dantza garaikidea egingo dute eta 24:00etan hasiko da “Trikihots” taldearekin erromeria.

Larunbat eta igandeko egitaraua ere bete betea da. Joxe Migel Aranzadi eskoba eta mus txapelketak goizeko 11:30ean eta arratsaldeko 15:30ean jokatuko dira, hurrenez hurren; 17:00etan hasiko dira gaztetxoentzat herri kirolak; 18:30ean “Rafafa” magoaren ikuskizuna; 19:30ean “Sagardotegia” Jalguneko kideen antzezlana; 20:00etan aipatutako Lujanbio, Labaka, Agirre eta Martin-en bertso saioa; eta, azkenik, gauerditik goizaldera arte joko dute “Makulu Ken” eta “The Garax” taldeek.

Igandean euskal jaia egingo dute auzoan eta Zabaletako jai batzordeak baserritarrez janzteko eskatu du. 9:00etan diana eta auzo garbiketa txapelketa iragarri dute; 11:00etan euskal dantza saioa Kukuka taldearekin, eta tortila lehiaketaren hasiera; 12:30ean herri kirolak Telleria anaiekin; 13:15ean proba mistoa; 14:30ean herri bazkaria, 16:30etatik aurrera erromeria, Laiotz taldearekin; eta 18:00etan toka txapelketa. Azken traka eta Teresa Sorginari 2014ra arte agurra, arratsaldeko 20:30ean, izango dira.