Duintasuna aldarrikatuko dute greba egunean ELAk eta LABek

jon-altuna-iza 2013ko mai. 28a, 17:00
None
Greba egiteko arrazoiak plazaratu dituzte ELA eta LABeko ordezkariek gaur goizean Hernanin prentsaren aurrean. ELAko Iker Urruzola eta LABeko Euken Villasantek greba egiteko deia luzatu diete langileei, aberastasunaren eta lanaren banaketan zein justizia sozialean oinarritutako beste eredu bat eskatzeko eta horren alde egingo duen Eskubide Sozialen Gutuna bultzatzeko. “Eskubide sozial eta laboral duinak” eta “Euskal Herriak eredu propioa” dira, besteak beste, deialdia egiteko erabilitako leloak.
ELAko Iker Urruzola eta LABeko Euken Villasante.
LAB eta ELA sindikatuen ustez beharrezkoa da maiatzaren 30eko greba orokorra, erakunde ezberdinetatik langileen eskubideei egiten zaizkien erasoen aurrean erantzuteko, “nahikoa da!” ozen eta sendoa esateko. Gaur goizean ELAren Hernaniko egoitzan bi sindikatuetako ordezkariek esan dutenez, “ez hori bakarrik, salaketa eta borroka honekin batera alternatiba eraiki behar da”. Greba deitu duten bi sindikatuen ustez, eskubide sozialen eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den Euskal Herriarentzako eredu propio batera eramango gaituen bidean lehen urratsa Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna burutzea izango da.

LAB sindikatuko Euken Villasantek adierazi duenez, “greba orokor honek indarrak bildu, borrokatu eta Euskal Herriarentzako alternatiba eraikitzeko prozesuaren bultzada ere izan behar du”. Bere ustez, Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat, gehiengo sozial langileak erabakitako eredu ekonomiko eta sozial propioa beharrezkoa da, ez elite ekonomikoak aukeratutako eredua.

Ondoren ELAko Iker Urruzolak, greba egiteko bost arrazoi aipatu ditu. Batetik, instituzio guztiei eskatzeko ez dezatela aplikatu Rajoyk inposatutako murrizketarik, ez etxebizitzetan, ez zerbitzu publikoetan, ez osasungintzan, ez hezkuntzan, ez menpekotasunean, ez pentsioetan, ez langabezia sarietan, eta bestetik, euskal administrazioei eskatzeko politika errotik aldatzeko, hau da, hezkuntza sisteman, etxebizitza eta gizarte zerbitzuetan ezarritako murrizketan indargabetzea, alegia. Gainera, lan banaketa, aukera berdintasuna nahiz bizitza pertsonala eta lana uztartzeko moduko politika eraginkorrak sortzeko eskatuko dute sindikatuek, baita aberastasuna eta lanaren banaketan oinarrituko den lan harremanen eta babes sozialerako euskal esparrua ere, eta azkenik, lehen aipatutako Eskubide Sozialen Gutunari bultzada eman nahi diote.