
Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan parte hartu zuten igerilariak lortu zituzten dominekin. Arg.: Buruntzaldea IKT.
Lehengo asteburuan, Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak izan ziren eta hauetan, Buruntzaldea IKT-ko alebinak izan ziren lehian eta “emaitza oso onak lortu zituzten gure igerilariek,” adierazi zuen Borja Apeztegia entrenatzaileak.
Izan ere, hiru urrezko domina eta bi zilar eskuratu zituzten taldeko gaztetxoek.
Aipatzekoak dira, Nahia Jie Villamedianak 200 m. eta 100 m. bizkar probetan lortutako garaipenak. “Euskadiko Txapeldun izan zen nagusitasun osoz,” aipatu du Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak.
Gainera, Nahia Jie-k 100 m. eta 200 bizkar probetan bere marka hobetu zuen eta bigarrenean uztailean Manresan izango den Estatuko txapelketan egoteko txartela lortu zuen. “Oraingoz beraz, Manresan bi proba izango ditu Nahia Jie-k; 100 m. eta 200 m. bizkar probak”.
Honetaz gain, Nahia Gipuzkoako selekzioan parte hartu zuen errelebuetan. 4x100 m. libre proban txapeldun izan ziren eta 4x100 m. estiloak proban, aldiz, txapeldunorde. “Bietan Nahiaren lana ezinbestekoa izan zen”.
Bestalde, Buruntzalde IKT-ko Jon Ibargoyenek ere domina eskuratu zuen 100 m. libre proban, zilarrezkoa, eta bere marka hobetu zuen, “marka bikaina lortu zuen aurreko igandekoa, Gipuzkoako txapelketakoa hobetuz”.
Honetaz gain, 200 m. libre proban laugarren izan zen Jon.
Markak hobetuz
Era berean, beste hiru igerilari ere izan ziren Kirol Jokoetan eta haien markak hobetu zituzten.
Leire Carcedo 100 m. estiloak proban aritu zen eta seigarren postua egin zuen. “Egia esan Leire domina lortzeko moduan izan zen. Izan ere 3garrenetik 6garrenera bitarteko denak 1'28an sartu ziren eta Leirek azken bost metroetan amore eman ez balu gutxienez brontzea izango litzateke”.
Honetaz gain, Nora Irazusta 100 eta 200 m. estiloak probetan lehiatu zen eta 100 metroetan marka pertsonala lortu zuen.
Beñat Alkortak ere bi proba egin zituen, 200 m. estiloak eta 200 m. tximeleta. Lehenengo proban bere marka pertsonala hobetu zuen Beñat-ek.