
Piketeak bankuak eta multinazionalen dendak ixteko asmoa bazuen ere, herriko komertzioa txikiek ere haien ateak itxi dituzte.
Greba Orokorrak jarraipen desberdina izan du herrian. Goizean goizetik kotxe karabanak eta pikete informatiboak izan dira kaleetan barrena grebara deituz. Hala ere, bankuak eta hainbat denda zein taberna zabalik zeudela ikusita pikete taldeek banketxe eta merkatalgune handietara joatea erabaki dute hauek "ixteko helburuarekin". Horrela lehen orduan erabateko itxiera nabaritu ez arren, goizak aurrera egin ahala nabariagoa izan da lanuztea.
Erdialdean pertsiana jaitsi dute BM eta Kutxabankek besteak beste. Banketxeetan "system error" eta "zuen aberastasuna gure miseria" leloekin pegatinak jarri dituzte eta erdigunea orduan bai erabat itxita gelditu da piketeak pasa ostean. Aipatu, goizean ez dela istilurik izan eta Oriako industrigunean lasaitasuna da nagusi.
Gaur goizeko irudiak
Michelinen ordezkari sindikalek adierazi dutenez, grebaren jarraipena eskasa izan da batez ere goizeko txandan. Izan ere "enpresa batzordeak erabaki zuen grebara ez deitzea". Udaletxean eta anbulatorioan zerbitzu minimoak bete dituzte eta berdina garraio alorrean ere, Euskotren eta TSST autobusetan.
Hezkuntzan jarraipen gehien
Herriko eskoletan nabaritu da gehien greba deialdia. Landaberrin, LH eta BHI-DBH-n erabateko jarraipena izan du grebak, Lasarte-Usurbil BHI-n ere azterketa garaia izanda, hainbat ikasle gerturatu da batez ere, DBH-koak baina nabari dute ikasle eta irakasle kopuru murritza. Sasoeta-Zumaburun berriz, irakasleak gutxi eta ikasleak 30 inguru 443tik.
Arratsaldean berriz, 18:00etan izango da manifestazioa herrian.