Manifestazioa Eskubide Sozialen alde

jon-altuna-iza 2013ko mai. 30a, 21:41
200 lagun inguruk Lasarte-Oriako kaleak zeharkatu dituzte arratsaldean, lan-erreformaren eta kaleratzeen zein banketxeen jokabidearen aurkako eta Gutun Sozialaren aldeko leloak oihukatuz. Gutxi gorabehera 18:00etan hasi eta ordu bete beranduago bukatu da manifestazioa. LAB eta ELAk deitutako greba dela eta, erdiguneko denda eta tabernak itxita zeuden. Dena den, deitzaileek aitortu dute ez dela erantzuna nahi bezain gogorra izan, Michelin enpresan lan egin dute eta.
Herriko kaleak zeharkatu ditu Eskubide Sozialen aldeko manifestazioak.
Greba orokorraren alde egin duten gazteek eraman dute “Euskal Herriak eredu propioa. Eskubide Sozial eta laboral duinak” zioen pankarta. Zumaburu eta kultur etxetik itzulia eginda, Okendon bukatu da manifestazioa. Han Euskal Herrirako Eskubide Sozialen Gutun baten aldeko aldarrikapena egin du gazteetako batek.
Politika publikoetan aldaketa sakona eskatu du, Euskal Herriko erakundeek ez ditzatela Estatuek eta nazioarteko instituzioak inposatzen dituzten neurriak aplikatu: “Euskal Herrian lan egin eta bizi garenontzat, fiskalitate orekatu eta progresiboa, kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak, prestazio sozial egokiak, aberastasunaren banaketa orekatuagoa, kontsumo neurtua eta arduratsuagoa eta enplegu duinaren zein lan banaketaren bidez, bizi baldintza duin eta ingurugiro osasuntsua” eskatu dituzte gazteek besteak beste.
Manifestazioaren bukaeran, tresna bezala, Eskubide Sozialen Gutuna aldarrikatu dute, zera adieraziz, “helburu argien inguruan indarrak batzeko tresna ere izatea nahi dugu. Parte hartze herrikoiaren bitartez, Euskal Herrirako eredu propioa ahalbideratuko duen bidea egiten joan behar gara, ekonomiaren erdigunean eta merkatuaren lekuan bizitza bera jarriaz...” “Mundu eta Euskal Herri ezberdin bat eraikitzeko dugu” esanaz amaitu du hitzaldia gazteak.
Aurretik gogor kritikatu du gazteak gaur egungo eredu ekonomiko politiko eta soziala., eta batez ere, eskubide laboral eta sozialak suntsitzen ari direla salatu du. “Lan merkatuaren erreformen bidez: lan orduen luzapena, soldaten murrizketa, azpi-kontratazioa, kaleratzeen merkatzea eta pobreziaren mugen azpiko Gutxiengo Soldata. Gure eskubide sozialekin ere amaitu nahi dute. Langabeziaren prestazioak gutxitu eta gogortu dituzte, eta milaka pertsonei ukatu zaie Prestazio Sozial duinen bidez gutxieneko sarrerak izatea”. Horregatik guztiarengatik aldarrikatu dute Eskubide Sozialen Gutun bat Euskal Herrirako.
Okendon amaitu da manifestazioa 19:00etan.
Euskal Herriaren "eredu propioa" aldarrikatu dute.