Nerea Sanchez Hirigintza, ingurumen, merkataritza eta osasun batzorde burua eta Mikel Urruzola Artelatzeko ordezkariak Aste Berdearen aurkezpena egin dute Telleria baserrian gaur eguerdian.
Nereak azaldu zuenez, FAO-ren datuen arabera, “gure planetan, urtean 1,3 bilioi tona elikagai alferrik galtzen dira; bestalde, bost urteko 20.000 haur baino gehiago hiltzen dira gosez egunero. Aurtengo gaiak elikagai mailan hartzen ditugun erabakiek daukaten inpaktuaren berri eman nahi du”. Hau da, herritarren erabakiek ingurumenean izan dezaketen eragina eta horrek sortzen duen aztarna ekologikoa.
Horrela, Aste Berdean maila lokalera Pentsatu, elikatu eta aurreztu leloa egokitzen saiatu da Udala. Eta elikagaien ziklo guztia, ekoizpena, salerosketa, kontsumoa eta sortutako hondakinak, ukituko dituzten ekimenak antolatu ditu hurrengo asterako.
Egitaraua
Astelehenean, ekainaren 3an, Slow Food mugimendua eta Euskal Oiloaren dastaketa laborategia izango da Arrieskalleta elkartean, 19:00etan. Honetan ekogastronomia eta ekoizpen biologikoa duten produktuei buruz hitz egingo dela azaldu du Mikel Urruzolak. Eta gainera, ondoren, arrautza eta barazkiak erabiliz nahaski ezberdinak prestatuko dira.
Asteazkenean Ingurumenaren egunean, berriz, Zabaleta auzoko konpostagunean saio praktikoa izango da, 19:00etatik aurrera. “Gaur egun Lasarte-Orian dagoen auzokonpostaje gune bakarrean,” aipatu du Nereak.
Bestalde, larunbatean, 9:30etik 13:30era, elikagaien azoka berezia izango da Okendo plazan. Honetan, bertako barazkiak, esnekiak, ogia, gozogintza... denetarik izango da. Honetaz gain, haurrentzako talo eta hazi eta landareen tailerrak ere antolatu dituzte. Talo tailerrean, “haiek bere taloa prestatu eta jateko aukera izango dute”.
Era berean, informazio puntu bat ere izango dela adierazi dute. Honetan, kontsumo arduratsuari buruzko informazioaz gain, gaiarekin eta gure herriarekin lotuak dauden hiru mikroistorio ikusteko aukera izango dute herritarrek. Ondoren, bere gogokoena bozkatu eta parte hartzaile guztien artean zozketa egingo dela aurreratu dute prentsaurrekoan.
Izena ematea
Astelehen eta asteazkeneko ekimenetan parte hartzeko izena ematea komeni da. “Izena eman gabe doazenak ere ongi etorriak izango dira, baina komeni da inskribatzea”. Horretarako 943 670637 zenbakira deitu behar dute interesatuek.
