Uxuek bere ipuin batzuk irakurri ditu baita ama izan zenean idatzitako bertso hunkigarriak. Idazleak gaztetxoak euren ametsak betetzera animatu ditu eta ikasketak hautatzeko garaian hauek kontutan izatea. "Ez hautatu ikasketak etorkizunean izan dezaketen lan aukeragatik, hautatu benetan gustura egingo dituzuenak, benetan nahi duzuena".
Bere idazteko zaletasunaz hitz egin die ikasleei eta nola egun hortaz bizitzeko aukera daukan "zuen adina neukanean, irakasleek zientzietatik joateko aholkatu zidaten, nota onak ateratzen nituen eta hauen esanetan gaitasuna nuen ingeniaritza edota arkitektura bezalako ikasketak gainditzeko. Nik ordea idaztearekin harremana zuena hautatu nuen, kazetaritza".
Hitzaldia entzun ostean tutoreek euren ikasleei diplomak banatu dizkiete. Aurtengoan zortzi ohorezko matrikula egon dira, media 9a baino altuagoa izan duten ikasleak, "baina ofizialki soilik hiru emateko eskumena dugu horregatik besteei aipamen berezia egiten zaie". Bikaineko ikasleak Ander Bardaji, Josu Olmos eta Maider Zuriarrain izan dira, aipamena berriz, Intza Alkain, Nagore Elola, Saioa Perez, Nicolas Tolosa eta María Valienterentzat izan dira.
Familia argazkia egin ondoren, luntxa egin dute senide eta irakasleekin batera. Hurrengo erronka selektibitatea gainditzea da.
