Kirol ugari egiteko aukera eduki dute aurrebenjamin, benjamin eta alebin mailako gazteek 2012-2013 denboraldian. Besteak beste, futbola, saskibaloia, errugbia, gimnastika erritmikoa, pilota, tenisa, igeriketa, judoa, natur ekintzak, erritmo kirolak...
Gainera, LH1 eta LH2ko haurrek kirolaren munduan lehen urratsak eman eta euren gorputza ezagutzen hasteko “kirol hastapena” delako kurtsoa egin dute.
Denboraldiaren balorazio positiboa egin dute Aitzol Zerain eta Gorka Segurola Ttakuneko langileek. Eskola Kirola herrian sustatzeaz arduratzen da bikotea: “Orokorrean umeen jarrera ona izan da, batez ere saskibaloiak nesken artean arrakasta handia izan du, geroz eta talde gehiago daude eta aukera polita da herriko neskentzat”, dio Zerainek.
Natur ekintzen saioek urtetik urtera “arrakasta gehiago” izaten ari direla nabarmendu du era berean.
Segurolak bere aldetik esan du herri mailan dagoen kirol aukera “baloratzeko modukoa” dela eta eskola kirolak “izaera hezitzailea” duela. Pertsona bezela “hazteko” ere baliogarria dela uste du eta adin jakin batzuetan haurrei “kirol bakarraz gain bestelako kirolak” badaudela gogorarazi behar zaiela: “Haurrek kirol bat baino gehiago egitea ona da, bakarrarekin itsutu beharrean”.
2013 / 2014rako izen-ematea
Hurrengo ikasturtean Eskola Kirolean izena eman nahi duten haurrek euren eskoletan banatuko zaien orria bete eta han bertan entregatu beharko dute. Sasoetan aste honetan hasi eta ekainak 14ra arteko epea izango dute eta Landaberrin ekaineko bigarren astean banatuko da orria.
