Ostadarren denboraldi amaierako festa

jon-altuna-egitegi 2013ko ekainaren 2a

Zubietako Araeta sagardotegia goraino bete zen Ostadarrek urtero antolatzen duen denboraldi amaierako afarian. Guztira 350 lagun bildu ziren eta aurtengoak berezitasun bat izan du, Realak Champions-a zuen jokoan A Coruñan eta bi pantaila erraldoi jarri zituzten guraso, entrenatzaile eta kirolariek partidaz gozatu zezaten.

Martija entrenatzailea Aristondo kapitaina besarkatzen, Olaizola begira dutela.
Ohi bezala, afal ostean iritsi ziren momenturik hunkigarrienak, Realaren garaipenaren euforiak kutsatuta, banan-bana futbol eta saskibaloi talde guztietako entrenatzaileek jokalari jatorrena aukeratu behar izan baitzuten. Entrenatzaileek esker oneko hitzak izan zituzten jokalariekiko eta orokorrean saria jokalari bakar bati ematea zaila zela adierazi zuten. Pello Esnal klubeko kideak hartu zuen zeremonia gidatzeko ardura, duela 30 urte Ostadarrek areto-futbolarekin lotuta izandako hastapenak eta anekdotak kontatu zituen. Babesle eta sponsor guztiei eskerrak eman ostean, entrenatzaileen sakrifizioa goraipatu nahi izan zuen. Aipatzekoak dira Ostadarrek hurrengo denboraldian izango dituen bajak. Batetik, Javi Olaizola kadeteen Euskal Ligako entrenatzaileak kargua utziko du, lau urteren ostean Gorri eta bere bideak banatu egingo dira eta klubari emozioz gainezka eskertu zion urte hauetan emandakoa. Bestalde, Mikel Martijak ere Ostadarren Ohorezko Erregionalen taldea utzi egingo du, taldearengan joko-molde jakin bat, lanaren nozioa eta umiltasunaren printzipioa zigilatuta utzita. Zortzi urtez Ostadarreko klubak zuzentzen aritu ostean, gizon esan zuen agur, Gipuzkoako Kopa galdu berri zuten infantil txikiei (2-2 penaltietan) aholkuak emanez. Azkenik, jokalari jatorrenaren saria Aristondo bere lagun onenari eman eta besarkada batean urtu ziren biak. Sorpresa gisa, aurten futbola utzi behar duten Aitor, Javi, Vila, Mayoz eta Manexekiko detaile ikusgarria izan zuten euren taldekideek. Bideo gisako omenaldia egin zieten, azken hamarkadako argazki galeria batez osatuta. Jakina, emozioak malko bihurtu ziren.