Egun hauetan aldapa igo eta eguraldiari aurre eginez Zabaletako jaiez gozatu edo festan parte hartzera hurbildu den herritar kopurua handia izan da.
Ostiral arratsaldean euriak atsedena eman zuen une urrietako batean egin zuten Teresa Sorginaren jaitsiera, Dinbi Banda batukadaren erritmo biziez lagunduta. Ostean Oriako sorgin dantza herrikoia egin zuen lasarteoriatar koadrila batek eta polita izan zen antzinako ohiturak galtzen ez direla ikustea.
Gauean musikaren txanda izan zen. Itzartu eta Trikihots erromeriek eta baita Xumela abesbatzak ere dantzan eta kantuan jarri zituzten zabaletarrak. Eguraldi txarra tarteko, Kukukaren dantza garaikideko emanaldia bertan behera geratu zen, baina eskolako ikasleek hainbat koreografia egin zituzten tarteka erortzen ziren tanta bakanei aurre eginez.
Larunbat goizeko diana eta karta-jokoaren ostean, arratsaldean gaztetxoentzat herri-kirolak izan ziren Porrotx zeremoniaren gidari zutela. Jalguneko lagunek “Sagardotegia” antzezlana aurkeztu zuten eta lau emakumez osatutako bertso saioa egin zen Unai Muñoa gai jartzaile zela. Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Amaia Agirre eta Ane Labaka herritarra aritu ziren kantuan. Besteak beste, Saharako herria edota eguraldi txarra izan zituzten hizpide.
Gauean gazteen txanda izan zen. Makulu Ken eta The Garax taldeek sekulako giroa jarri zuten Antonio Blas plazan goizaldeko ordu txikietara arte.
Baserritar giroa eta kirola
Igandean jende ugari hurbildu zen Zabaletara baserritarrez jantzita. Patata tortilla leihaketara bederatzi tortilla aurkeztu ziren eta Eñaut eta Unai Apaolazarena izan zen garaile. Urteroko proba mixtan Tellerigaina nagusitu zen segundu erdiagatik, Auzoko Gazteen taldearekin borroka estua eduki ostean. Zubieta eta Zabaleta atzetik sartu ziren.
Bestalde, Urtzi eta Beñat Telleria harrijasotzaileek ere plazan saioa egin zuten harri kubiko eta zilindrikoekin. Amaitzeko herri-bazkaria, Laiotzen erromeria eta traka izan ziren.

