Herriko taldeak kantatu zuen lehenengo bisitariei ongi-etorria emateko eta zilarrezko ezteien ospakizunetako errepertoriotik hiru kanta aukeratu eta maisuki interpretatu zituzten. Kataluniarrek berriz, hiru bloketan antolatu zuten euren emanaldia: lehen zatian XVI. mendeko polifonia profanoa landu zuten, bigarrenean munduko herri-musika eta musika tradizionala jorratu zituzten eta azkenik gaur egungo zein betiko kantu kataluniarrez osaturiko blokea eskaini zieten herritarrei. Besteak beste, “Senyor Sant Jordi”, “Boig per tu” eta “Com és el mar, mariner?” kantuak entzun ahal izan ziren larunbata arratsaldean. Publikoak txalo-zarta ozenaz agurtu zituen bi taldeak.