Aniztasunaren herria

maider-azurmendi 2013ko ekainaren 4a

Udalaren irudi berriaren aurkezpena festa bilakatu da. Udaletxe berriaren atarian, Antonio Mercero plazan hain zuzen, aurkeztu dute udal ordezkariek aurrerantzean Lasarte-Oriako udala irudikatuko duen logoa. Honek aniztasunean du oinarria eta honen isla da "emozioen horma". Udaletxe berrian geratuko den murala herriko 37 elkarteren esaldiak jasotzen ditu. Aurkezpenean musika eta dantza izan dira Kukuka, Erketz eta Zambra taldeen esku.

Udal eta elkarteetako ordezkariak.
Unai Muñoa bertsolariaren hitzekin hasi da udalaren irudi korporatibo berriaren aurkezpen ekitaldia. Honetan gainera herriko elkarteen ekarpenarekin osatutako "emozioen horma" zabaldu da udaletxe berriko atarian. Aipatu behar da asmoa udaletxe berriko kristalerak esaldi gehiagorekin osatzea dela eta orain parte hartu ez duten elkarteek izango dutela aukera ere.

Horrela banan-banan elkartetako ordezkariek euren esaldiak esan dituzte beraientzat Lasarte-Oria zer den laburtzen dutenak. Tartean Kukukakoek dantza bat eskaini dute baita Erketzek eta Semblante Andaluz elkarteko Zambra taldeak ere.

Elkarbizitza
Pablo Barrio alkateak hartu du hitza ekitaldiarekin bukatzeko. Lasarte-Oriaren historiari erreparatu nahi izan dio bere mintzaldiaren hasieran herriak mendeetan bizitako garapena azaltzeko "XIX. mendearen amaiera aldera, gehienez ere bostehun bat bizilaguneko hirigunea zen, eta gehienak baserrian aritzen ziren, harik eta industrializazioa iritsi eta fabrika handiak kokatzen hasi ziren arte".

Lasarte-Oria aniztasunean oinarritzen den herria dela esan du alkateak "bistakoa da Lasarte-Oria oso jatorri desberdinetako biztanleok osatzen dugula, eta, neurri batean, horren arrazoia da gu edo gure familiak bidaiariak izan direla".

Egun udalerria 70 kultura ezberdin baino gehiagotako jendeek osatzen dute, bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzarekin. Jatorri ezberdinen arteko elkarbizitzari esker osatzen da herria eta ideia hau bildu nahi izan du aurkeztu duten irudi berriak "Lasarteri bere izena eman dion familia noble haren heraldika tradizionaletik urrun. Lasarte-Oria orduan baino askoz gehiago da, Lasarte-Oria bi herri-gune bereizi zirenean baino, edo Hernaniren, Andoainen eta Urnietaren parte zenean baino".

Aurkezpenean bildutako herritarrak "populazio bizi, aktibo eta parte-hartzaile baten erakusgarri" direla esan du alkateak horregatik "eskerrik asko guztioi herri hau den bezalakoa egin duzuelako". Aurrerantzean udalaren irudia izango den irudiaren aurkezpena, festa bilakatu da.