Apirilean 1.509 pertsona zeuden langabezian Lasarte-Orian % 17 eta "udaletxeak dituen eskumen mugatuetan ere" esparru honetan lanean jarraitzea beharrezkotzat jo zuen PSE-EEko ordezkaria Jesus Zaballosek. Honen baitan udalak egin dezakeena gutxi dela azpimarratzen du "baina udalak ateratzen dituen pliegoetan baldintza jarri dezake herrian lanak burutu behar dituen enpresak herriko langabeak kontratatzeko hala behar badu".
Aurreko legealdian Zaballosek azaldu moduan, Gaztelekuko lanetan herriko 10 langabetu kontratatu ziren, Loidi-Barrengo frontoiko lanetan 5, EPA-n egin ziren lanetan bi besteak beste. "Behintzat lanek iraun bitartean pertsona hauek lana izan zuten eta egungo egoeran oinarrizkoa iruditzen zaigu behintzat lan hau bermatu ahal izatea".
Aldi berean, Zaballosentzat justua da herritarrek euren zergekin udalera aportatzen dutena nolabait bueltan etortzea. Horregatik kontratuetan aurrerantzean baldintza hau sartzeko eskaera egingo dute bihar.
KZgunearen garrantzia
Bestalde, bigarren mozioa KZguneen sarearekin du zerikusia. "Dirudienez Eusko Jaurlaritza zerbitzu honetan murrizketak egitea pentsatzen ari da, eta gure ustez gune honek, gure herrian ematen duen zerbitzua mantentzea funtsezkoa da".
2001ean martxan jarritako ekimenaren baitan jaio ziren KZguneak. Jaurlaritzak herritarren digitalizaziorako gune bezala martxan jarri zituen herri guztietan. Egun ikastaro eta interneten erabilerarako gune izateaz gain, administrazioarekin internet bidez egin daitezkeen tramiteak ezagutzera emateko gune ere badira "eta krisi garaian lan bilaketarako oso zerbitzu beharrezkoa eskaintzen dutela ez da ahaztu behar".
Zaballosen azaldu duenez, dagoeneko langileen murrizketa bat egin da eta hau dela eta, Lasarte-Oriako udalari eskatzen dio zerbitzu honen alde egin eta Eusko Jaurlaritzari adieraztea KZgunea mantentzeko beharra
