Elikadura oinarri Aste Berdean

maider-azurmendi 2013ko ekainaren 7a

Aste Berdea antolatu du Udalak aurten ere eta bi ekintza berezi izan dira herrian aste honetan. Aurtengoan “Pentsatu, elikatu eta aurreztu” lelopean elikagaien ziklo guztiari, ekoizpena, salerosketa, kontsumoa eta sortutako hondakinei buruz hausnartzeko aukera izan da. Astelehenean Slow Food mugimendua zer den ezagutzeko aukera izan zen eta asteazkenean, konposta nola egin. Bihar Okendon bertako ekoizleen produktuen azoka izango da eta eguraldi ona egiten badu, hainbat tailer egiteko aukera ere izango dute haurrek.

Juan Manuel Garmendiak, Donostiako Slow Food taldeko arduradunak Slow Food mugimenduaren inguruan azalpenak eskaini zituen astelehenean Arrieskalleta elkartean Aste Berdearen baitako ekintzan.

“Slow food mugimendu eko-gastronomikoa da” bertako produktuak defendatzen ditu mugimenduak eta gizarteak hauek kontsumitzearen garrantziaz konturatzea dute helburu honen baitan dauden pertsonek.

Bertako produktuak
Garmendiak azaldu moduan “elikagai: ona, garbia eta justua”-ren aldeko mugimendua da. Janariari, produktuari eta honen ekoizpenari eta banaketa prozesuari arreta jartzean datza.

Jose Mari Pacha, berriz, Euskal Oiloak ekoiztearen inguruan mintzatu zen, honek Andoaingo baserrian 125 euskal oilo ditu eta hauek nola hazten dituen azaldu zien bertaratutako herritarrei. Euskal oiloaren baitan bost mota edo arraza daudela azaldu zuen “guztiak galtzeko arriskuan”. Hau dela eta berea bezalako produkzioen beharra defendatu zuen “eta horretarako kontsumitzaileak ere balioa eman behar dio gure produktuari”.

Mintzaldi interesgarriaren ostean dastatze laborategia egin zuten Rafael Indo Euskal Gastronomia Kofradiako kidea-k prestatutako jakiekin. Euskal oilo arrautza eta barazkiak erabiliz nahaski ezberdinak prestatu zituen guztientzat.

Konposta
Asteazkenean berriz, Aitziber Sarasola Artelatzeko teknikariak gidatuta konposta nola egin ezagutzeko aukera izan zen, aholkuak ere eskaini zituen.

Oraingoz herriko konpostagune bakarra Zabaleta auzokoa da eta bertan egin zuten saioa. Konpostagailu bakoitzean bi etxeko hondakinak jasotzen dituzte.

Materia organiko guztia bota daiteke hemen Sarasolak adierazi bezala baina “hezurrak, oskolak, hauek material gogorrak dira eta denbora asko behar dute desegiteko horregatik, komenigarria da txikituta boatzea konpostagailura”. Hala ere, komeni botatzen den oro ahalik eta zatituen botatzea “bokata osoak aurkitu izan ditut konpostagailuetan, hauek bota daitezke baina puskatzea da komenigarria”.

Animalitxoak aurkitzea seinale txarra ez dela esan zuen “sagutxoak egotea konpostagailua behar bezala aireztatzen ez delako izaten da” horregatik materia organikoa botatzean, materia lehorreko beste hainbeste bota eta nahastea funtsezkoa da baita aireztatzea ere. Zizare gorrien presentziak prozesua behar bezala egiten ari delaren seinale ere bada.

Larunbatean, azoka
Bihar goizean Okendon azoka egingo da eta honetan, bertako barazkiak, esnekiak, ogia, gozogintza... denetarik izango da. Haurrentzako talo eta hazi eta landareen tailerrak antolatuko dira eta informazio puntu bat ere izango da.
Honetan, kontsumo arduratsuari buruzko informazioaz gain, gaiarekin eta herriarekin lotutako hiru mikroistorio ikusteko aukera izango da. Gogokoena bozkatu eta opariak eskuratu ahal izango dira zozketa bidez.