Aurtengo HH3-HH4 programazioari dagokionez, Amona Josefinarekin batera naturaren inguruan milaka abentura bizitzeko aukera izango dute etxeko txikiek.
Baserritxoa eraikitzeaz gain, animalitxo desberdinekin gozatzeko tartea eskainiko zaie.
“Uda izanda, ez gara ur jolasez ahaztu, freskatu eta lagunekin ederki pasatzeko. Gainera hilabetea sorpresa desberdinez betea egongo da, txorimaloa eraiki, egun batez aktore txiki bihurtu, irteerak, psikomotrizidade saio mundialak...” aipatu dute.
Era berean, uztailaren 24ean, gurasoentzako sopresatxo bat prestatuko dutela ere aurreratu dute.
Euskal Mitologia
HH5, LH1 eta LH2ko haurrentzat, berriz, aurtengo udako txokoak berebizikoak izango direla aipatu dute.
Gai nagusia euskal mitologia izango da eta honen inguruan jolasteko parada izango dute Mari jainkosa izanik guztion buru.
“Honela, kirolaz, ur jolasez, irteeretaz… gozatzeaz gain “Ikimilikiliklik” izeneko ginkana izango dute, aztikerien eta edabe magikoen egun berezia eta herrian zehar Mariren urrezko orraziaren bila jarduteko jolas mundiala, azpimarratu digute.
Hau gutxi balitz, hilaren 19an, Manuel Lekuonan egundoko jaialdia egingo dutela iragarri dute, haur talde bakoitzak euskal mitologiako pertsonaia bat izanik hizpide.
“Eta jaialdi honen berri emateko astebete lehenago akelarre magikoa eratuko dugu Okendo enparantzan. Beraz, aurtengo txokoetan ez da faltako magia, sorginkeria, dantza eta misteriorik, izugarria izango da, zinez berezia” jakin arazi dute.
Abentura nagusi
8-12 urte bitarteko gaztetxoen kasuan, abentura izango da nagusi bai txokoetan, baita kanpaldietan ere.
Udako Txokoetan Euskal Herria Express gaia izango da oinarria. Honela, proba ezberdinak gauzatu beharko dituzte, “astelehen eta astearteak izango dira proga-egunak, eta asteazkenak, ordea, duelu-egunak. Duelu hauek, gaitasun ezberdinak lantzeko apropos eginak dira, taldeka nahiz bakarka”.
Ostegunetan, berriz, “egun-pasa paregabeetaz gozatzeko aukera” iznago da igerilekuak, mendi-irteerak, hondartza …
Eta ostiraletan, Jostakirola programaren txanda izango da, aurten berrikuntza interesgarriekin …
Udaleku itxietan, berriz, espioaik izango dira Albeniz-en, superheroiak Mendigorrian, misioak
Donemiliagan...
Argi dago burupelotak martxan jarri dituztela hezitzaile eta begiraleek. Eta azken ukituak emateko ere gogor ari dira lanean, “Primerako udalekuak!” izan daitezen.