Euskarara hurbiltzeko 28 hiztegi jarri dira bidaiariaren eskura

jon-altuna-iza 2013ko eka. 7a, 15:17
Foru Aldundiko, Udaleko eta Topaguneko ordezkariek euskara eta beste 28 hizkuntza arteko oinarrizko hiztegiak aurkeztu dituzte eguerdian Gaztelekuan. Topagunea eta Gipuzkoako Aldundiak elkarlanean prestatu eta argitaratutako hiztegi txiki hauek Udaleko eraikin guztietako harreratan jarriko dira. Pablo Barrio alkateak lanerako “tresna” interesgarria izango dela azpimarratu du eta Onki Xin harrera protokoloaren berri eman du.
28 hizkuntzatara itzuli dituzte oinarrizko euskal hitzak Euskal Herrian bizi diren kanpotarrek eurek.
Marcos Nanclares, Pablo Barrio eta Iker Martinez de Lagos, hiztegitxoen aurkezpenean.
Topaguneak eta Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun zuzendaritzak Lasarte-Oria aukeratu du oinarrizko hiztegiak aurkezteko. 28 hizkuntza ezberdinetara itzuli dira hiztegietan euskarazko oinarrizko hitzak, besteak beste, zenbakiak, galdegaiak, famili hitzak, toki izenak, koloreak, asteko egun, hilabete eta urtaroak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun zuzendaritzako Marcos Nanclares-ek aitortu duenez ez da kasualitatea aurkezpena Lasarte-Orian egitea: “Gipuzkoan aniztasunaren adibide garbienetarikoa delako”. Bere iritziz, hiztegiak argitaratzea, “keinu txiki bat izan da Gipuzkoara kanpotik etorri direnentzat”, eta bakoitzaren jatorriaren nolabaiteko aitorpena egiten da. Nanclaresen ustez, aniztasuna gizarterako zerbait baliagarria eta aberasgarria da eta beraz garrantzia handia du inor ez baztertzeak eta denek sustraiei eusteak. Maila praktikoan “tresna interesgarriak” direla esan du, euskara, “gure altxorra” kanpotarrekin “konpartitzeko urratsa”.

Euskaldun eta anitza
Gipuzkoan 140 hizkuntzatik gora hitz egiten direla jakinarazi du Aniztasunaren saileko ordezkariak eta esaldi bakar batekin laburbildu du euren asmoa: “Euskal Herri euskalduna eta anitza nahi dugu”. Aurkezpenean Marcos Nanclaresek esan duenez hitegiek jasotzen dute filosofia hori: “alde batetik Gipuzkoa eta Euskal Herria anitzak dira, aniztasunean eraiki nahi dugu gure herria, eta horretarako ezinbestekoa da elkarren aitortzan oinarritzea. Buru belarri ari gara zuzendaritzan lanean Gipuzkoako Udalekin, eta jendarteko eragileekin.

Iker Martinez de Lagos Topaguneko ordezkariak bat egin du Nanclaresek esandakoekin eta Auzoko egitasmoa azaldu du, hor sortu baitzen hiztegiak argitaratzeko ideia. “Filosofia argia duen proiektua da: Euskaratik urrun bizi diren biztanle eta herritarrak euskarara hurbiltzeko urratsak ematea, bi aldeek parte hartuz, euskal hizkuntza komunitateko pertsonak eta euskarara hurbildu nahi duten pertsonak”. Bere iritziz aniztasunaren bide hori oso interesgarria da.

Bestalde hiztegiak sortzeko prozesua bera nabarmendu du, “oso polita eta oso eraginkorra” izan delako: “Hiztegiak ez ditugu sortu bulego batean, txinera, quechua, romania edo dena delako hizkuntza darabilten herritarrek eurek sortu dituzte euskaldunen laguntzarekin. Ez dugu itzulpen zerbitzu bat antolatu, kafe baten bueltan egin nahi izan ditugu itzulpenak. Euskaldunaren eta euskara hurbiltzen ari denaren arteko harreman bultzatu nahi izan dugu”.

Erabiltzeko erraza
28 hizkuntzatako hiztegiak argitaratu dira, baina lanean jarraitzen dutela jakinarazi du Topaguneako ordezkariak: 40 hiztegitik gora edozein momentutan argitaratzeko prest dauzkate, eta lana ez da hor bukatuko, Euskal Herria 140 hizkuntzatik gora izanik. Topaguneko lankide Maider Elkoro bergararra aipatu du Iker Martinezek, lan handia egin zuelako hiztegien sorreran. “Borondate onarekin denbora librean egindako hiztegiak dira. Eta beste ezaugarria erabilerraztasuna da. Erraz erabiltzeko hiztegia sortu nahi genuen, poltsikoan eramatekoa, oinarrizko komunikaziorako tresna, ez bakarrik euskara erabiltzeko, kontrako bidea egingo duena ere bai, hau da, euskaldunak herri honetan hitz egiten diren beste hizkuntza horietara hurbiltzeko. Bokazio horrekin jaio zen egitasmoa, ahalik eta gehien zabaltzeko asmoarekin”. Horregatik, Foru Aldundiak egindako ahalegin “ikaragarria” eta emandako zabalkunde handia eskertu dio Iker Martinezek Topagunearen izenean. “Gipuzkoa Udal guztietara eta herritarrengana heltzeko aukera eman duelako. Oso garrantzia da, hori, ez dadin programa soil batean geratu”. Oinarrizko 28 hiztegi horien 75000 ale banatuko dira Gipuzkoako Udaletan.

Bidaiarien herria
Agurra 9 hizkuntzatan egin du Pablo Barrio alkateak, “kaixo egun on” esan du wolof, hassaniya, aymara, quechua, guarani, italiera, portuges, eta gaztelaniaz. Ondoren Lasarte-Oriaren aniztasuna azpimarratu du: “munduko 70 herrialdetatik etorritako lagunak konpartitzen eta eraikitzen dugu Lasarte-Oria. 70 hizkuntza baino gehiagok, beraz. 70 kulturak, ohiturak, ikuskerak, aburuk... Milaka emozio eta sentipenek”.

Gai honek Udalarentzat duen garrantzia goraipatu eta Onki Xin proiektuaren berri eman du Pablo Barriok. Bere ustez, Lasarte-Oriak Santiagora zihoazen bideen gurutzean du jatorria; eta beraz, “historikoki, lasarteoriatarrok leku honetan finkatu diren bidaiariak gara” eta Udala “bidaiari hauen etorreran sakontzeko” lanean ari da.

Duela hilabete batzuek diseinatu dute Onki Xin harrera protokoloa, Gizarte Zerbitzuak, Enplegua, Inmigrazioa, Kooperazioa eta Emakumea sailean, Udalak “bidaiariei” ahalik eta harrera “osatuena” emateko. Topaguneko kideekin Harrera Gida bat prestatzen ari direla ere jakinarazi du Barrio alkateak. Egitasmo hauek hurrengo ikasturtean abian jartzeko asmoa plazaratu du gainera: “hiztegitxo hau ere lanerako tresna interesgarria izango da. Momentuz, Udal eraikin guztietako harreretan jarriko dira aleak eta betiko moduan hizkuntza, arazo bat izan ez dadin saiatuko da Udala”.