San Pedro Jaien egitaraua eta omenduak aurkeztu ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ekainaren 7a

2013. urteko San Pedro jaiak gainean ditugu eta aurtengo egitaraua prestatuta, festetako hainbat xehetasunen inguruko azalpenak emateko asmoz prentsaurrekoa egin zuen ostiral arratsaldean Festa eta Gazteria sailak, Taxio Arrizabalaga zinegotziak gidatuta. Hiru hilabete iraun dituen JAIETAN BLAI parte-hartze prozesuaren ostean, finkatuta geratu da gure herriko jaiek aurten izango duten egitaraua. Herritarrek gaikako parte-hartze bileren bitartez eta Internet bidez egindako 67 proposamenekin euren ekarpenak egin dituzte.

Alboka, Beltzak eta Solaskideko omenduak eta Udaleko arduradunak ostiraleko prentsaurrekoan.
Jaiak ekainaren 28an hasi eta uztailaren 1era arte luzatuko dira. Aurtengoan ere Okendo plaza jaien gune nagusi bilakatzea da helburua elkarte eta talde ezberdinen ekimenak bertan txertatzeko.

Sorgin Jaiak-ek, bere aldetik, ekainaren 27an ekingo dio festari. Iaz bezala, aurten ere txosna Okendon kokatuta egongo da eta eskenatoki nagusia banatu egingo dute Ttakun, Sorgin Jaiak eta Udalaren artean. Udaletik positibotzat jo dute eskema honi jarraipena ematea, “herri ekimena inoiz baino indartsuago dabil, parte hartzeko gogoa eta gauzak egiteko iniziatiba izugarria da, eta udalak hau babestu besterik ezin duela egin deritzogu”.

Alboka, Beltzak eta Solaskide
Herriko hiru elkarte horiek omentzea erabaki du Udalak aurtengoan, herriarengatik egiten duten lana “aitortu eta eskertu” asmoz. Omenduek izango dute ekainaren 28an txupina bota eta aurtengo pregoia irakurtzeko ardura eta ekainaren 29an omenaldia egingo zaie Kultur Etxean, 13:00etan.

Alboka Abesbatza 25. urteurren ospakizunekin murgilduta dabil azkenaldian, herritarron belarriak “goxatuz” eta Udalaren esanetan kantatzeaz haratago, “lan didaktikoa” burutuz, gaztetxoenei “musikarekiko maitasuna eta miresmena” transmitu izana eskertu nahi die Udalak urte guzti hauetan.

Beltzak Rugby eskolak ere 25 urte baino gehiago daramatza jo eta su errugbiaren balioak lau haizetara zabaltzen. Udaletik azken urte hauetan izandako “bilakaera eta gorakada” nabarmendu nahi izan dituzte eta gazteenei kirolarekiko “errespetua” transmititu izana eskertu nahi izan diote.

Azkenik, Ttakunek kudeatutako Solaskide Programa saritu nahi izan dute. Euskaldun berriei mintzapraktika eta inguru euskaldun batean txertatzeko aukera ematen die programa honek eta euskaldun berriak eta euskaldun zaharrek elkarrengandik lagunarte goxoan ikasteko aukera baliatzen dute. Arrizabalagaren hitzetan, “Solaskide programa bera baino, “solaskideak” izan dituzte gogoan omenaldi hau proposatzerakoan: “Horrelako ekimen bat sustatu eta martxan jartzeari meriturik kendu gabe, baina hemen benetazko esforzua eta konpromezua solaskideena da; euskaraz mintzo bai, baina hizkuntza bera erabiltzeko testuinguru egokirik eduki ez arren, hau sortu, bilatu eta garatzeko lana egiten ari diren guzti horientzat da omenaldi hau”.

Taxio Arrizabalaga prentsari azalpenak ematen.
Programako hainbat xehetasun
Ekainaren 28an izango dira txupinazoak (haurrena 12.00etan eta orokorra 19.00etan), Sorgin Dantza, Zikiroa eta Beteranoen danborrada. Horretaz gain, kale animazioa ere izango da herrian, eta gauean, Gozategi eta karaokea Okendo plazan.

Ekainaren 29an berriz, larunbata, haurrentzako ekintzak, kale antzerkiak eta herri kirolak izango ditugu. Baita omenaldia ere 13.00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Anai-Arrebak eta Blues Thorpes taldeek eskainiko dituzte Okendoko kontzertuak, baina honetaz gain, Zozongo batukada, Dj emanaldia eta txaranga ere izango dira goizaldeko ordu txikietara arte.

Ekainaren 30ean, igandez, goizaldeko poteoa girotzeko txalaparta ikuskizun bat, kantu jira eta haur danborrada izango dira herrian. Arratsaldean berriz sagardo dastaketa, erromeria eta beste hainbat kale ikuskizun txaranga soinuz lagunduta.

Uztailaren 1a, festetako azken eguna, haur eta gaztetxoentzat izango da. Ostadarrek lagun talde eta familientzat herri jolasak antolatuko ditu eta ostean, apar festa izango da. Bukatzeko, Okendon, Abiba diskojaia eta nola ez, baita su festak eta zezen suzkoa ere.



Eskerrak herritarrei
Udalaren izenean eta Gazteria, Festak eta Kirola departamentuaren izenean, aurtengo programa honen osaketan parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Taxio Arrizabalak: “Haiek gabe ez dago festarik”. Gogoan izan du era berean Arantxa Zulaika Arka, kartel lehiaketa irabazi duen lasarteoriatarra eta azkenik herritar guztiak “festetan parte hartzera, ondo pasatzera eta gozatzera” gonbidatu ditu.