Guztira hamar postutan banatuta egon dira ekoizleak, tartean hiru lasarteoriatar zirela: Uztaro Kooperatiba, Pedro Arteaga kide duen Telleri baserria eta Ostarte elkartea. Hauetaz gain, Gipuzkoa osotik etorritako beste dozena bat ekoizle bildu dira plazan eta goizak aurrera egin ahala “gehiago eta hobeto” saldu ahal izan dutela adierazi digute ekoizleek, batez ere “atertzen zuen uneetan”. Gustura mintzo ziren era berean Artelatzeko antolatzaileak goizeko lanak amaitzerakoan: “Formatuarekin asmatu dugula uste dugu, erdian informazio gunea jarrita, herritarrek guk ekoitzitako hiru mikroistorio eta aholkuz osaturiko dekalogoa ikusteko aukera izan dute, lasarteoriatarrek hobeto pentsatu, elikatu eta aurrezteko asmoz”. EHko Hazien Fundazioak eta Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak ere izan dute euren lekutxoa azokaren erdiko postuan, egiten duten lanaren berri emateko. Postu honen inguruan kokatu dira gainontzekoak, bertako eta kalitateko produktuak herritarrenganatzeko tratuan aritu direnak. Aipagarria da bi otarren zozketan 500 lagunek parte-hartu dutela, jende asko ibili denaren seinale. Nerea Sanchez udal-ordezkaria aritu da sariak banatzen eta Pedro Arteaga eta Ingrid Liliana Caballero izan dira sarituak.