Iñaki Garcia garaile XXV. Squash txapelketan

jon-altuna-egitegi 2013ko ekainaren 9a

Edizio berezia izan da aurtengoa, Lasarte-Oriako squash txapelketak XXV. urteurrena betetzen zuelako. Zilarrezko ezteien finala Iñaki Garcia herritarrak irabazi du, Iker Cañedo 3-1eko emaitzaz garaituta.

Final handiaz gain, urtero bezala, kontsolazio finala eta 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidua ere jokatu ziren larunbat arratsaldean herriko kiroldegian.

Kontsolazio finalak
Kontsolazio partiduko finalean Aitor Tejero izan da garaile, 3 joko eta 1eko emaitzaz Fernando Monterori nagusitu zitzaion.
Hirugarren eta laugarren posturako partidua beroa eta luzea izan zen, ia ordubetean aritu baitziren Xabi Amiano eta Kinin Calvo jo eta su pilota astintzen. Azkenean, Calvo nagusitu zen 3-1.

Final handia
Iñaki Garcia eta Iker Cañedok jokatu zuten finala, partidu ederra izan zen, bataren zein bestearen joko bizi eta azkarrari esker kalitate handiko tantoak ikusi ahal izan ziren kantxan. Garciak irabazi zuen 45 minutu inguru iraun zituen final lehiatua.
Txapeldunari eta txapeldunordeari erraketa bat, oinetakoak eta kamiseta bat eman zitzaizkien sari gisa.

Txapeldunaren hitzak
Oso gustura zegoen Garcia txapelketa irabazi berritan, lagun eta familiakoekin argazkiak atera eta momentuaz gozatzen. Aita eta anaiarekin jokatzen hasi zela kontatu eta gogoan eduki nahi izan du Gorka Larak txapelketa irabazteko emandako laguntza.
“Iker, Xabi, Kinin eta Oscarrekin aritu naiz entrenatzen, beti eurekin ibiltzen naiz jokatzen, pista hauetan entrenatzen dugu eta lasarteoriatarrei deia luzatu nahi nieke squash-a probatu dezaten”, adierazi du Garciak.
Urte asko daramatza txapelketan parte-hartzen, “bospasei”, baina sekula ez zen horren urrutira iritsi: “Partiduan urduri sartu naiz, eta gero ez sinesteko moduko tanto batzuk jokatu ditugu, egia esan, zortea alde izan dut”, zioen oraindik izerdi patsetan zegoela.
“Garaipen hau nire guraso, anaia, lagun eta squash-eko lagunei eskaini nahi diet”, esanez amaitu du.

25 urte oroitzapen
Hasierako edizio hartan izan ziren Txema Vallés jokalari ohi eta kazetaria eta Karlos Altuna udaleko kirol teknikaria.
Vallések squash txapelketaren lehen 21 edizioetan hartu zuen parte, partidu bat jokatzen ari zela larri lesionatu eta squash-ean jokatzeari utzi behar izan zion arte: “Gogoan dut Pablo eta Joxe Martin Arregi anaiak izan zirela herriko aitzindariak squash-ean, maila handia zuten, abilak ziren eta nola ez, Joxe Mari Aristi, kalitate handiko gizona”.
Karlos Altunak gogoan du garai batean Zumarraga, Andoain, Hernani eta Errenteriareko kiroldegiekin batera txapelketak antolatzen zituztela, baina tamalez hori galdu egin zela aipatu eta harro mintzo da gaur egun herrian pistak eduki eta txapelketa antolatzen jarrai dezaketelako.