Ohiko udalbatzarra asteartean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ekainaren 10a

Ekaineko ohiko udalbatzarra izango da asteartean 18:30etatik aurrera eta hainbat gai jorratuko dira.
Lasarte-Oriako udalak FEMEPeko bazkide osoa izateari uzteko proposamena jarriko du mahai gainean, udalaren logotipoa eta irudi korporatiboa lantzeko lehiaketako logo irabazlea aldatzeko proposamena egingo da, 2013ko taula organiko eta lanpostuen zerrendari buruzko proposamena, Amnesty International-ek aurkeztutako mozioak ere eztabaidatuko dira: heriotza zigorra Japonian eta Hakamada Iwaoren kasua eta Afrika Iparraldeko eta Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan duela bi urte geroztik martxan den udaberri arabiarraren ingurukoa.

Horietaz gain, LAB sindikatuak aurkeztutako mozioa bozkatuko da, 3.Adineko Egoitza eta Eguneko Zentroetako langileen egoerari buruzkoa hain zuzen. Lasarte-Oria Zero Zaborrek aurkeztutako mozioa ere eztabaidatuko da honen aurrean EAJ taldeak aurkeztutako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralari buruzkoarekin. Talde sozialistak bere aldetik, Gesto por la Paz-i buruzko mozioa, pleguetan balorazio irizpide gisa ezartzea Lasarte-Orian erroldatutako langabetuen kontratazioari dagokiona eta KZgunea sareko proiektuari buruzkoak aurkeztuko ditu.

Bozkatuko dira ere Bildu eta EAJ taldeek elkarrekin aurkeztutako mozioa Espainiako bandera Udaletxeko balkoian jartzeko inposaketaren aurrean eta azken mozioa, EAJ taldearena izango da, Txingudi Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan sartzearen aldekoa hain zuzen. Gai zerrenda luzearen azken puntua galdera eta erreguak dira.