Udala FEMEPetik kanpo

maider-azurmendi 2013ko ekainaren 11

Ekaineko ohiko udalbatzarra ospatu da gaur eta eztabaidarako gai zerrenda luzea izan da. Alderdiak gai ezberdinak jorratzen zituzten 12 punturen gainean aritu dira. Hauetako bitan mozioak aurrera ateratzeko alkatearen kalitatezko bozka beharrezkoa izan da, FEMEPetik ateratzeko proposamenean eta Bandera española ezartzearen inposaketaren aurkakoan hain zuzen.

Lasarte-Oriako udalak FEMEPeko bazkide osoa izateari uzteko proposamena jarri du mahai gainean lehenengo puntu bezala udal gobernuak. Federación Española de Municipios y Provincias delakotik ateratzeko arrazoiak ematean batetik identitatea aipatu du alkateak "ez gara honetan ordezkatuta sentitzen" eta bestetik dirua, "ez dugu urteko kuota honetan gastatuko". PSE-EEk urteko kuotarena aitzaki hutsala zela leporatu dio alkateari kontutan izanda diru laguntzetan gehiago jaso izan dela. Bozkatzeko garaian berdinketa gertatu da PSE eta PP kontra bozkatuta, Bildu eta EAJ alde eta Plataformako ordezkarien abstentzioa izan da. Horrela alkateak bere kalitatezko botoa erabili du proposamena aurrera ateratzeko. Horrela Lasarte-Oria FEMEPetik kanpo egongo da.

Ondoren udalaren logotipoa eta irudi korporatiboa lantzeko lehiaketako logo irabazlean aldaketa bat gauzatzeko proposamena egin da baina alderdiek ez dute onartu. Udala-Ayuntamiento azaldu beharrean "diskriminazio positiboa" egin euskararen alde eta udala soilik agertzeko eskaerak EAJ eta Bilduren babesa izan du.

2013ko taula organiko eta lanpostuen zerrendari buruzko proposamena eraman du ere udal gobernuak eta aurrera atera da.

Amnesty International-ek aurkeztutako mozioak ere eztabaidatu dira: lehenengo heriotza zigorra Japonian eta Hakamada Iwaoren kasuaren inguruko informazioa eman eta bozkatu dute alderdiek eta aurrera atera da horrela "alkateak Amnesty Internationalek igorriko dizkion Hakamada Iwaoren aldeko apelazio guztiak bidaliko dituela eta Alkateak Amnesty Internacional Euskadiri hartutako akordioen berri emango diola" adostu da gai honetan. Ondoren, Afrika Iparraldeko eta Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan duela bi urte geroztik martxan den udaberri arabiarraren ingurukoa ere irakurri dute eta bozka berdinekin, aurrera atera dute alderdiek honen kasuan udalak "erkidegoko gobernuari eskatzen dio Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko gobernuekin izan ditzakeen edozein harremanetan giza eskubideen errespetua eta egiazko babes eraginkorra" izan daitezela oinarri.

Zahar egoitzak
Horietaz gain, LAB sindikatuak aurkeztutako mozioa bozkatu da, zahar egoitza eta eguneko zentroetako langileen egoerari buruzkoa hain zuzen. Honetan Aldundiari eskatu zaio bere gain hartzea zerbitzu honen ardura, lan hitzarmenaren gaian adostasun bat lortu, ADEGIri ere Aldundiaren aurka jarritako salaketa kentzeko eskatu zaio eta azkenik, zerbitzu publiko on baten alde datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. Alde bozkatu dute PSE, LOPH eta Bildu, kontra berriz PP eta EAJ.

Ana Prietok besteak beste, zahar egoitzetako langileek bizi duten egoeraren aurrean elkartasuna eskatu eta adierazi du bereziki Atsobakarrekoekin. Bilduk bere aldetik, Gorka Lizarragak aipatu nahi izan du Aldundia lanean ari dela gatazka honi irteera emateko. Langileen aurkako eraso hau ezin dela onartu azpimarratu du zinegotziak.

Lasarte-Oria Zero Zaborrek aurkeztutako mozioa ez da eztabaidatu honen aurrean EAJ taldeak aurkeztutako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralari buruzkoa izan delako eztabaidagai. Hala ere, herriko taldeak proposatutakoa irakurri da udalbatzarrean.

Lasarte-Oriako Udalari Konpromezu etikoa hartzeko, eta konpromezu hau bete dadin honako neurriak hartzeko eskatu dio: "Murrizketa: Ahal bezain hondakin kopuru txikiena sortzeko ekintzak aztertu eta martxan jarri. Birziklaketa: Ahal den azkarren, sortutako hondakinak gaika biltzeko sistemen artean emaitza onenak ematen dituztenak ezarriko ditu, helburu bezala ahal bezain birziklatze tasa handienak ezarriz (gutxienez % 70) , zeinak objektiboki erraz ondorioztatu daitezkeen gure inguruko herrietara begiratuz, irizpide teknikoak bakarrik kontuan hartuz. Parte Hartzea: Herritarren parte hartzea bultzatuko da."

Bozkatutako eta aurrera ateratako ordea EAJk aurkeztutako izan da.

Talde sozialistak bere aldetik, Gesto por la Paz-i buruzko mozioa aurkeztu du urte hauetan bakearen alde egindako lana aitortuz eta eskertuz. Honakoa aurrera atera da Bildu eta LOPH -en abstentzioarekin.

Langabetuak pleguetan
Ondoren udal pleguetan balorazio irizpide gisa Lasarte-Orian erroldatutako langabetuen kontratazio aezartzearen gaia eztabaidatu dute. Zaballosek azaldu moduan, apirilean 1.509 pertsona zeuden langabezian Lasarte-Orian % 17 eta "udaletxeak dituen eskumen mugatuetan" esparru honetan lanean jarraitzea beharrezkotzat jo du PSE-EEko ordezkariak. Honen baitan udalak egin dezakeena gutxi dela azpimarratuta, "udalak ateratzen dituen pliegoetan baldintza jarri dezake herrian lanak burutu behar dituen enpresak herriko langabeak kontratatzeko hala behar badu".

Honen aurrean, LOPHek proposamena mahai gainean uztea eskatu du izan ere honako baldintza kontratuetan sartzea ilegala ote den zalantza dago udal teknikarien artean. Kontsulta egin da eta erantzuna edukitzean eztabaidatuko dutela adostu dute alderdiek.

PSE-EEk KZgunea sareko proiektuari buruzko mozioan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu honetan murrizketak egin ditu, "eta gure ustez gune honek, gure herrian ematen duen zerbitzua mantentzea funtsezkoa da".

Lasarte-Oriako udalari eskatu dio zerbitzu honen alde egin eta Eusko Jaurlaritzari adieraztea KZgunea mantentzeko beharra. Honakoa aurrera atera da EAJren kontrako bozkekin izan ere, Jaurlaritzak egitasmoaren eraldaketa bat egiten ari dela azpimarratu du Alkortak "egungo beharretara moldatu behar da".

Espainiako bandera
Bozkatu da ere Bildu eta EAJ taldeek elkarrekin aurkeztutako mozioa Espainiako bandera Udaletxeko balkoian jartzeko inposaketaren aurrean. Hau aurrera ateratzeko alkateak kalitatezko bozka erabili behar izan du. Erabakiaren aurka duten iritzia azaltzeko eskubidea aldarrikatu dute alderdiek izan ere, PP eta PSE-EEk legea onartzeko dagoela azpimarratu nahi izan dute.

Azken mozioa izan da EAJk aurkeztutakoa, Txingudi Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan sartzearen aldekoa. Honakoa ere aurrera atera da PSE, PP eta EAJren aldeko bozkekin.

Gai zerrenda luzearen azken puntua galdera eta erreguak izan dira eta herritarrek hitza hartu nahi izan dute hondakinen kontuaren inguruan hainbat galdera plazaratuz.