Buruntzaldea IKT-ko infantil, junior eta absolutuak ekainaren 1ean larunbata Anoetako Paco Yoldi igerilekuan izan ziren Manolo Garcia Sarian parte hartzen. Maila hauetako igerilariez gain Nahia Jie Villamediana alebina ere aritu zen.
Ederki egin zuten igeri. Iñigo Ibarburu infantila bere mailako txapeldun izan zen eta Mikel Esnalek absolutu mailan eta Naiara Lizasok infantil mailan txapelunordetza lortu zuten.
Borja Apeztegia entrenatzaileak jakitera eman duenez, udako denboraldiko azken txapelketak prestatzen ari dira eta txapelketa honetan “marka pertsonal gutxi lortu bagenituen ere, gehienak beren marka onenetatik gertu ibili ziren eta hori positibotzat jotzen dugu”.
Podiuma
Era honetara, Buruntzaldea IKT-ko hiru igerilari izan ziren probako podiumean.
Infantil mailan, Iñigo Ibarburu lehenengo izan zen 100 m. libre eta 100 m. tximeleta probetan egindako puntuaketari esker.
Naiara Lizasok berriz, txapeldunordetza eskuratu zuen 50 m. eta 100 m. libreetako probetako emaitzengatik.
Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak aipatu digunez, bi igerilariak Infantilen Udarako Espainiako Txapelketa prestatzen ari dira.
Hauetaz gain, Mikel Esnal absolutuak 50 m. eta 100 m. libreetan lan ederra egin eta txapeldunorde izan zen. “Ehuneko batengatik bere 50 m. libreko marka berdintzen ikusi genuen, benetan indartsu eta teknikoki oso txukun”.
Markak hobetzen
Bestalde, herriko taldeko beste hainbat igerilari ere izan ziren txapelketan eta haien markak hobetu zituzten.
Garazi Alkorta-k igeri egindako bi probetan, 50 m. libre proban eta 100 m. tximeleta proban, lortu zituen marka berriak. “Azken honetan Garazik bere aurreko marka 3 segundutan hobetu zuen,” aipatu digu Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak.
Era berean, Haitz Mitxelenak bere 100 m. tximeletako marka hobetu zuen, Jone Vazquez-ek 1500 m. librekoa eta Unai Irigoras-ek 200 m. librekoa.
Junior eta Absolutuen Espainiako Udako Txapelketa prestatzen ari den Itsaso Tolosa ere “txukun aritu” zen 50 m. eta 100 m. bizkar probatan. “Podiumean egon ez bazen ere lehen frogan bigarren sailkatu zen eta lehenengoan nagusi izan zen nabarmen”.
Azkenik, arestian aipatu legez, Nahia Jie Villamediana alebinak igerileku luzean estreinaldia egin zuen, 50 m. bizkar proban eta 200 m. libreetan.
“Nahia Jie Alebinen Udarako Espainiako Txapelketan izango da eta hori prestatu bidean igerileku luzea ezagutzen izan zen eta benetan txukun aritu zen, batez ere esperientzia hartze aldetik. Hala ere egindako bi frogetan ez zen batere makal ibili,” adierazi du Borja Apeztegiak.
Lasarte-Oria Saria
Bestalde, larunbata honetan, goizeko 10:30etik aurrera Lasarte-Oriako XXIV Igeriketa Saria ospatuko da Udal kiroldegiko igerilekuan.
Buruntzalde IKT taldeaz gain, aurtengo edizioan infantil, junior eta absolutuetan mailatan Lagunak, Hernani KE, Zarautz Balea eta Tolosaldea IKT izango dira lehian eta benjamin eta alebinetan, berriz, Hernani KE, Zarautz Balea eta Usurbil.
Igerilekuan proba ezberdinak ikusteko a uekra izango da bihar goizean eta lehiaketatik kanpo ere, erreleboen aurretik, 2005ean jaioek 25 m. libreko erakustaldia egingo dutela jakitera eman dute antolatzaileek.
Buruntzaldea IKT-ko igerilari eta arduradunek herritarrak gonbidatzen dituzte proba ikustera.
Igerilekua itxia
Beraz, Lasarte-Oriako Kirol zerbitzuak igeri txapelketa dela, igerilekua larunbateanr goizeko 09:00etatik 13:00etara erabiltzaileentzako itxita egongo dela jakin arazten du.
Udal Kirol Instalazioetako abonatuek Andoaingo, Usurbilgo eta Urnietako Igerilekuak erabiltzeko aukera izango dute.
