Sorgin Jaiak badatoz!

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ekainaren 12a

Oso gertu ditugu San Pedro Jaiak. Lehengo astean egitarau ofizialaren nondik norakoak jakin bagenituen, gaur Sorgin Jaietako gazteen txanda izan da. Herriarentzat eta herriak egindako jaiek blusak eta koadrilak omenduko ditu aurten. Koadrilen jaitsiera, truke azoka, Oriako jaitsiera, bakailao txapelketa, kontzertuak,... denetarik izango da aurten ere Sorgin gunean.


San Pedro jaietan Okendo eta bere inguruak berriro ere sorginduak egongo dira. Ekainaren 27tik 30era, lau egunez Sorgin Jaiek egitarau nagusiaren alternatiba bilakatuko dira. Sorgin Jaietako lagunek gaur arratsaldean aurkeztu dute Okendo plazan aurtengo egitaraua.

Agerraldian, aurtengoa “Blusen urtea” izango dela jakin arazi dute. Horregatik blusak eta koadrilak omenduko dituzte. “Sorgin jaiek blusarik gabe ez lukete berezkoa duten xarma edukiko. Horregatik, aurten blusak eta koadrilak omendu nahi ditugu; egin duten lana, egiten ari diren lana eta egiteke duten lana eskertzeko; haiei esker lortu baitugu urteetan zehar herria milaka kolorez apaintzea”.

Bestalde, ohiko ekitaldiez gain, hala nola, Oriako Jaitsiera eta Bakailao txapelketa, berrikuntza ugari egongo direla aurreratu zuten.

Mikrofono ireki saioa izango da San Pedro bezperan. Igandean, berriz, itsaski sorta baten zozketa, argazki erakustaldia eta truke azoka.

Truke azoka honetan parte hartu nahi duten herritarrek ekainaren 25 eta 26an Okendo plazara eraman behar dituzte trukatu nahi dituzten gauzak.

Eskaera eta gonbita

Hau guztiaz gain, Sorgin jaietako arduradunek azpimarratu nahi izan dute, ez direla Sorgin Gunean eraso sexista, arrazista, homofobo eta faxistarik onartuko.

Era berean, eskaera bat egin diote herritarrei, “gure mundua jaso dugun bezala utzi nahi dugula kontuan edukita, gunea txukun mantentzen lagun dezazuela eskertuko genizueke”.

Eta edalontzien berrerabilpena, truke azoka eta ingurumena zaintzeko egiten diren diren ekimenetan aktiboki parte hartzera deitu dute.

Azkenik, herritar guztiei Sorgin gunera hurbiltzeko gonbita egin diete, “goza ditzagun herritik herriarentzat sorturiko festa hauek. Sorginduta dago herria, Sorgin Jaiak heldu dira!! “