
Asteazkenero elkartu dira langileak udaletxe aurrean euren protesta egiteko, hauetan herritarren eta erabiltzaileen elkartasuna jaso izan dute.
Adineko egoitzetako langileen lan hitzarmena eskatuz deitu zuten grebara sindikatuek. Gipuzkoan guztira hiru mila langile baino gehiago ari dira egoitza hauetan lanean eta grebak jarraipen zabala izan du.
Atsobakarren kasuan zerbitzu minimoak bete dira aste hauetan eta langileek txandaka egin ahal izan dituzte lan uzteak. Herriko zahar egoitzako langileek euren protestak kalera atera dituzte, Udaletxe aurren eta zahar egoitzaren aurrean ere elkarretaratzeak burutu dituzte, manifestaldiak asteazkenetan eta Okendo plazan akanpadak ostegunetan. Udalarekin bildu ziren eta udalak egoerari irtenbidea emateko saiakera ere egin duela azpimarratu du Montsek.
Aldundiaren proposamena
Gipuzkoako Foru Aldundiak luzatutako proposamena sinatuko du gaur enpresak.
Honen arabera, langileen soldatei 2012ko KPIaren igoera egingo zaie eta datorren urtean 2013ari dagokiona. Horretaz gain, Madrilen onartutako erreforma ez aplikatzeko konpromisoa hartzen da datozen urteetan ere lan hitzarmen hau mantenduz.
Lan baldintzei dagokionez Montsek azaldu moduan, “orain arte urte beteko eszedentzia eskubidea genuen eta orain hiru urtekoa izango dugu eta aipatzekoa da ere, urteko lehenengo baja %100 kobratzen izango dela eta bigarrena soldataren %80arekin”.
Langileak oso pozik daude “esperientziak ere asko batu gaitu talde bezala eta egindako guztiak zerbaitetarako balio izan duela ikustea benetan pozgarria da guretzat”.
Hala ere, “lan hitzarmena sinatu gabe 11 egoitzetako langileak geratuko dira eta eurak babestuko ditugu datozen egunotan egingo diren mobilizazioetan parte hartuz”.
Guztira Gipuzkoako 37 zahar egoitzetan iritsi dira akordioa sinatzera.