Zertarako balio dute? Nork asmatzen ditu? Non dago egun horien erregistroa? Non egiten dira proposamenak? Nork ematen die oniritzia? Itxura denez, egunak bezain baliotsua den Nazio Batuen Erakundeak ematen omen ditu. Galdetu al digute inoiz? Galdetzea exijitzen dut. (Orain modan jarri da).
Kategoria bat baino gehiago dago. Nazioarteko eguna, mundu mailakoa, Europa mailakoa e.a.
Asko eta askok gaixotasunei egiten die erreferentzi. Gehienek hondamendiak eta desgraziak gogora ekartzen dizkigute, baina xelebrekeri batzuk ere aurkitu ditut.
Martxoak 20: Loguraren mundu mailako eguna; Apirilak 1: Lanean dibertitzearen nazioarteko eguna; Apirilak 4: Zonbi harrotasunaren eguna; Maiatzak 12: Enpresa txiki eta ertainen Europa mailako eguna; Azaroak 30: Ezer ez erosteko nazioarteko eguna.
Egutegi berri bat sortu da, eta ez gara enteratu! Eta gu oraindik santu eta santak ospatzen. Aaaai!!!
Proposamen batzuk: Autodeterminazio eskubidearen nazioarteko eguna. Ustelkerian aritutako politikoak espetxeratzeko mundu mailako eguna. Epaile justuen nazioarteko eguna. Balkoietako poltsa urdinen Gipuzkoa mailako eguna.
Berdintsu gertatzen da kale eta herrietako txokoen izenak jartzerakoan. Lasarte-Orian galdetu berri digute. Hau ere azaleko kontua dirudien arren, oso garrantzitsua da nire iritziz. Gauza horiek hor geratzen dira (inork aldatu ezean.) Sarritan jotzen da toponimoetara eta herrietan historiatxoa idazteko modua da leku izenena. Zenbat urtean izan da gure Kale Nagusia Jeneral Mola kalea? Gizartearen ispilu izaten dira baita genero ikuspegik ere. Zenbat emakume kale izen dauzkagu gure herrian?
Inoiz berriz galdetuko baligute, baditut proposamenak: Euskaldun berrien plaza, etxekoandreei monumentua, emakume bortxatuen kale-kantoia, preso politikoen etorbidea, desjabetuen auzoa, etorkinen aparkalekua, gosearen ibilbidea, langabetuen industrialdea, konponbidearen autopista.