“Ama izan da harategiaren motorra”

jon-altuna-iza 2013ko eka. 14a, 11:22
Duela 50 urte ireki zuen Hipodromo kalean harategia Nuarbeko Joakin Etxezarretak, bere bikote Lierni Etxeberria segurarraren laguntzarekin eta leku berean jarraitzen du zabalik gaur egun. Orain, ama-semeek eramaten dute Etxezarreta harategia. Xabier semeak dioenez, oraindik ama da "harategiaren motorra". Bera 15 bat urte zituenetik ari da harakin moduan, Tolosan eta Villabonan, lehenengo, eta aita gaixotu zenetik "etxeko" harategian.
Xabi Etxezarreta, urteurreneko jantzi eta opariekin.
Bezeroek 50 urte hauetan izan duten fideltasuna eskertzeko, erosketak egiteko poltsa eta ardo botila bana emango die datozen asteotan Etxezarreta harategiak. Lierni Etxeberriak esan digunez, lan asko egin du 50 urte hauetan, horretarako gogoa izan da hainbeste urtean irauteko sekretua, baina ez du penarik. Esperientzia oso ona izan dela dio. Aurretik, Donostian ahizpa baten umeak zaintzen zituen, Askatasunaren hiribideko Dover kafetegian lana egiten zuen eta libre zuen egunean harategira laguntzera etortzen zen. Gutxira ezkondu eta ordutik harategian jardun du.

Beti leku berean egon da harategia?
Lierni: Bai. Semeak hartu duenez gero, kanpoko langileak izan ditugu. Aurretik, gu biok moldatzen ginen: Umeak, etxea, harategia eta beste denaz.

Senarra eta bion artean zabaldu zenuten?
L: Berak zabaldu zuen nik lagunduz.

Non ikasi zuen ofizioa?
Xabier: Anaiarekin Donostiako Bretxan ikasi zuen soldadutzatik bueltatu zenean eta gero bere kontura jarri zen hemen. Aurretik okina ere izan zen.

Liernik zein paper betetzen zenuen?
L: Ni, batez ere zerbitzen ibiltzen nintzen, inor baino gehiago.

Zuk Xabi zer gogoratzen duzu txikitako harategiaz?
X: Asko gogoratzen naiz. Esan daiteke hor jaio nintzela. Txiki txikitatik hortxe ibiltzen nintzen jolasean. Gero aitari laguntzen: Lehen dena hiltzen zen, ganadu handiak Lasarteko hiltegian eta untxiak, oilaskoak, arkumeak... harategian. Nik kutxiloa sartu eta berak mamitu edo larrutu.

Berezitasunik ba al zuen harategiak?
L: Ez, orduan, 20 harategi izango ginen herrian.

X: Eta oso giro ona zegoen harakinen artean, hilean behin afaria egiten zuten elkartean.

L: Beraiek bai, baina andre eta guzti, urtean behin egiten genuen.

X: Eguberritan arkumea zenbaten saldu denen artean adosten zuten, oso giro ona izaten zuten. Gero supermerkatuak ireki eta harakin berriak hastean puskatu egin zen hori.
Berezitasun bat baduzue, bertan hazitako zekorrak saltzen dituzuela...

X: Bai, beti. Orain, etiketatuta ematen dugu Label-ean sartu ginelako, baina aitak beti hemen inguruko haragia saltzen zuen.

L: Azpeitiko feria gustukoa zuen eta handik ganadu asko ekarri.

Noiztik saltzen dira Telleriko Pedro Arteagaren txekorrak Etxezarretan?
X: Lehen, Pedro Arteagak Justo harategira eramaten zuen eta hark itxi zuenean hasi zen gurekin lanean. Duela hiruzpalau urte. Ondo moldatzen gara berarekin.
Goierri aldetik ere ekartzen dugu. Harategian dabilen mutiletako baten aita harakina da Ordizian eta ganadu asko hartzen duenean erdi bana egiten dugu.

Erraza al da labana erabiltzen ikastea?
X: Bitxikeria kontatuko dizut. 15 urterekin Tolosara joan nintzen lanera hango harakina oporretara zihoalako. Ondo etorriko zitzaidala eta asko ikasiko nuela esaten zidaten. Nik orduan, oilaskoak zatitzen nituen, baina zekorra beti aitak. Ikusi, bai, baina... sartu nintzen kamaran, hasi nintzen lanean, eta redondoa taparekin batera atera nuen. Aparte ateratzen ziren, redondoa, tapa, kontra eta babilla. Atera nuenean neskak galdetu zidan, horrela mamitzen al duzue Lasarten? Redondo eta tapa elkarrekin?. Eta nik baietz, “han, hala egiten dugu”. Gero kendu genion tapa eta zuzendu genuen.

L: Mamiketan ez dut sekula egin. Nik despatxuan. Beharra tokatuz gero, ausartzen nintzen eta egiten nuen. Baina normalean ez.

Minik hartu al duzue?
X: Bai, ohiko ebaki txikiak.

L: Oker handirik ez dugu izan.

Asko aldatu al dira harategiak?
X: Bai, lehen haragia saltzen zen. Orain, haragia, txarkuteria eta batez ere “prekozinatuak”. Jaki prestatua asko saltzen da, badakizu zein garaitan bizi garen. %200ean bizi gara eta janaria prestatzeko denborarik gabe dabil jendea. Harategian prestatzen dugu dena.

Lehen txorizo eta beste egingo ziren, ezta?
L: Bai, txorizoak, odolkiak, tripakiak garbitu... lehen orain baino lan gehiago egiten zen harategian. Orain tripakiak garbituta datoz eta freskorik ia ez da saltzen. Egosi egin behar dira saltzeko.

X: Bai zera, orain lan gehiago egiten da. Lehen freskoan saltzen zen eta orain prestatu egin behar. Hiru lagun ari dira sukaldean lanean.

Ordu asko lan egiten al zen?
L: Bai. Senarra, goizean 5etan jaiki eta hiltegira joaten zen.

Orain hozkailu hobeak dira eta okelak gehiago iraungo du ezta?
X: Bai, aurrerapenek erraztu ere egin dute lana.

Belarjale asko dago... gutxitu al da kontsumoa?
X: Haragia ondo saltzen da. Orain, beste kantitate batzuek, pixka bat gutxiago eramaten dute.

L: Ez da horrelako bajoirik sumatu. Egindako haragia asko saltzen da.

X: Harategien boom-a ere egon zen, ia 40 izan ginen herrian. Hori gehiegi zen. Gero, jakina, supermerkatu handiek gauza onik ez dute ekartzen herrira, niretzako. Hurbil izugarria izango dela uste zen, baina komertzioari kalte handia egin dio. Frogatuta dago, gainera, azken finean, supermerkatu handietan behar baino gehiago gastatzen eta kontsumitzen duzula, pikatu egiten duzulako.

Nolako harremana izan duzue bezeroekin?
X: Oso ona. Zorionez bezero oso onak ditugu Lasarten. Tolosan, aldiz, izan nuen lanerako esperientziarik txarrena: bezero oso bereziak dira, oso exigenteak, dena dakitela uste dute, gaztea ikusten ninduten eta... Aldiz, Lasarteko bezeroa eraman erraza da.

L: Ireki genuenean hasitako jendea oraindik badaukagu. Bat berezia, berak ere ezkondu zenetik 50 urte betetzen ditu eta. Gogo handiarekin dago. Ezkondu zenean hasi zen gurera etortzen. Lehengo egunean aditu zuenean 50 urte ospatzen genituela esan zuen: Nik ere bai. 50 urte daramatza etortzen.
Asko dauzkagu ordukoak. Noizbait bakarren bat hiltzen denean konturatzen gara.

Zuek ere ospatu beharko duzue?
X: Asteburutik hasita hiru astetan San Pedrotara bitartean, bezero guztiei banatuko diegu erosketa poltsa eta ardo botila bat hainbeste urtean izandako konfidantzarengatik. Poltsa oso erosoa da, erabili ondoren bildu egiten da.

Erabiltzen al dute bezeroek poltsa plastikozkoaren ordez?
X: Gero eta gehiagok esaten du plastikorik ez jartzeko. Ari da kontzientzia zabaltzen. Ni ibili nintzen harategiz harategi, eta denok atera genuen poltsa. Orain berdina aterako dugu, baina geurea bakarrik. Tuperrarekin, aldiz, ez dabiltza hainbeste.

Zein da hainbeste urtean irautearen meritua edo arrazoia?
A: Gogoa, lanerako gogoa, gustatzea. Beti gustatu izan zait gauza berriak ateratzea...

Eraberritu gabe ez dago etorkizunik?
X: Bai, harategia hiru aldiz berritu dugu, eta orain ere zerbait egiteko asmotan gabiltza. Lokal txikia da, baina lekua behar dugu. Ea nondik ateratzen dugun.

Bezeroei ere galdetu beharko zaie ea nolatan agoantatu duten hainbeste denboran. Guk esatea erraza da.

A: Harategirik zaharrena garela uste dut. Inguruan pila bat ginen eta gu geratzen gara.
X: Ojala beste 50 urtean segitzea, guk agian ez baina gure atzetik datozenek.

Bitxikeriak gertatuko ziren bezeroekin? Kontutxoren bat ba al duzue?
L: Arazorik ez dugu izan inorekin. Behin, ezkondu gabe geundela, esan zidaten “¿donde está tu padre? Hori ez zait ahazten.

Adin alde handia al zeneukaten?
L: Bederatzi urte, berak zuen zaharragoaren itxura.

Lehen bi aritzen ziren eta orain, aldiz, talde handia zaudete lanean, ezta?
X: Bai. Baina ikusi egin behar da nola dauden lehengo karnizeroak. Jota daude, oker oker eginda. Gu beste txip batekin ari gara, gehiago disfrutatzeko gogoarekin. Orain ikusten dut nik, nire seme-alabekin gozatzen ari naizena, aitak ez du gozatu.

L: Gizonak ez, baina ni denera joaten nintzen umeekin. Lanera umeekin, festara ere umeekin, joan behar duten lekura umeekin... udan oporretara ere, ni bakarrik joango nintzen, bera ez zen joaten, baina, ni umeekin. Berak ez zuen agian asko disfrutatu, baina nik bai.

X: Lehen aita eta ama ziren bakarrik eta orain lau langile mostradorean eta beste lau sukaldean, hiru eta laguntzailea. Zazpi gara nominan. Oraindik ama da motorea.

L: Jada ez daukat obligaziorik, oporretara nahi dudanean joaten naiz. Debozioa badut, baina obligaziorik ez.

Bidaiatzen al duzu?
L: Benidorrera... eta Arnedilloko balneariora joaten naiz urtean bi aldiz. Artrosiarentzat oso ona da. Kristoren mejora egiten dit. Udaberrian eta udazkenean.

Zer da gehiena gustatzen zaizuena ofizioarena?
X: Jende pila batekin izaten dela harremana. Askori ez zaie mostradorea gustatzen. Niri, aldiz, bai. Nik nahiago hori mamitzea baino.

L: Ni orain ez naiz egoten, bezeroek jende berria ikusten dute, baina barrutik ateratzen banaiz, esaten dute: “haraaaaa, banengoen ba ni, oraindik hemen dago” poza ematen die zu ikusteak. Mutilek esaten didate noizean behin ateratzeko mostradorera. Ikusteko zu han zaudela, jende berriarekin pixka bat atzera egiten dute eta. Horrek poza ematen du.

Niri despatxoa gustatu zait, eta kozinan ere beti gustatu zait. Saltsera xamarra beti izan naiz. Aspaldi hasi nintzen albondigak edo tripakiak egiten. Sukalde berezia jarri aurretik ere egiten nituen, baina ez zen legezkoa eta beti beldurrez. Orain oso ondo. Lehengoan etorri zen sanitatekoa eta ezer ez.

X: Gurekin oso zorrotzak izaten dira, gero ikusten dira ferietan urdaiazpikoak lurrean dauzkatela...Hori ez omen da euren konpetentzia. Hori beste batzuei dagokiela, alegia.

Euren konpetentzia ez, baina zuentzat konpetentzia gaiztoa...
X: Bai, guretzako bai. Egia esan ez dute beste munduko gauzarik exigitzen eta betetzea ez da zaila. Denon hobe beharrez da.

Seme alabek jarraituko al dute?
X: Gustatzen zaie. 10 urteko mutilari, bere kabuz gauza errazak egitea gustatzen zaio eta 6 urteko neska txikia sukalderako saltsera dator, amona bezala. Erdi jolasean ibiltzen dira.

L: Oraindik txikiak dira, baina txabolan egon naiz orain eguerdian oilategian arrautzak biltzen. Oso gustukoa dute.

Txabolan?
L: Bai baratza txiki bat daukat. Gizonak gogoko zuen. Ahari zalea zen, ahari apustuak gustatzen zitzaizkion. Txabolan zeuzkan ardi eta ahariak. Nik oilo eta oilaskoak. Atzo txitak atera zituen oilo batek eta bihar beste batek. Etxerako oilaskoak, etxean jaiotakoak, gainera. Orain ez dago horrelakorik. Denek oiloak kaioletan dauzkate eta, oilarrik gabe. Nik libre dauzkat sagasti handian.

X: Baratza nahiko handia jarri dugu guk. Ni ez nintzen baratza zalea. Baina iaz txiki bat jarri eta batez ere umeak oso gustura ibili dira. Zoriontsu. Biltzea asko gustatzen zaie eta bertakoa jatea ere bai.

Badaukazue beraz entretenimendua?
L: Bai nik ez daukat denbora batere galtzeko.