“Eguzkia ekarriko dugu Atsobakarrera”

jon-altuna-iza 2013ko eka. 14a, 11:51
Andaluziako jantzi tipikoak eta herrialde hartako giro alaia barreiatuko dira asteburuan Lasarte-Oriako kaleetan eta batez ere Atsobakar parkeko zelaietan, bertan ospatuko baitute herriko andaluziarrek eta Semblante Andaluz elkarteak erromeria. Jose Perez Semblante Andaluz elkarteko presidenteak baieztatu digu eguzkia ere ekarriko dutela asteburuan. Aurten asteburu osoko festa izango baita Rocio erromeria hori lehenengo aldiz antolatu zenetik 20 urte bete direla eta. Goiz eta arratsalde hainbat emanaldi eta ospakizun burutuko dira igandera bitartean.
Jose Perez Semblante Andaluz elkarteko lehendakariak lan doblea egin beharko du, lehendakari eta gitarra jole.
Asteburuan 20. erromeria ospatuko dute Semblante Andaluz elkarteko kideek. Horregatik, elkarteak bi eguneko egitaraua antolatu du eta Jose Perez, lehendakariak eman digu horren berri.

XX urte bete dituzue. Egun bakarreko erromeria motz geratzen al zen?
Ez, ahalegin handia da honelako erromeria antolatzea, eta gutxi iruditzen zitzaigun egun bakar baterako egitea. Gainera negu eta udaberri hain txarra izan dugunez, gogo handia daukagu kanpora ateratzeko. Horregatik bi egunetako festa antolatzeko gogoa jarri zitzaigun. Eta eguzkia ekarriko dugu, gainera.
Hori da funtsezkoa. Gainera. aurreko urteetan bezala, aurten ere Semblante Andaluz elkarteko zuzendaritzan talde langilea daukagu, eta gogotsu ari gara lanean asteburuko erromeria antolatzen.

Asko aldatu al da, lehenengo aldiz antolatu zenetik?
Garai ezberdinak izan ditu erromeriak. Lehenengo urteak oso onak izan ziren, giro oso atsegina eta kuttuna izan zen. Gerora tokiz aldatu zen eta gure ustez plazak ez dira erromeria bat egiteko tokirik aproposenak, beharrezkoa da zelaia jendeak euren mahai eta jatekoak eraman ditzan.

Zenbat lagun elkartzen zarete?
Gure elkartean oso sustraitua dagoen festa bat da, eta denok izango gara bertan, kanpoan dagoen bat edo beste izan ezik. Beste herrietako lagunak ere espero ditugu, Errenteria, Andoain, Arrasate edo Irungoak. Kanpotik talde handiak datoz eta uste dut bete egingo dugula Atsobakar.

Kanpoko elkarteek ere parte hartuko dute?
Bai, denak garai beretsuan sortu ginen, duela 20 urte inguru. Beraz, zerbait antolatu dugunean elkarri babesa eman diogu eta denok parte hartzen dugu antolatutako ekintzetan.

Beste herrietan egiten al dira horrelako erromeriak?
Bai, laster izango da Errenteriakoa eta han izango gara Semblante Andaluz elkartekoak.

Zuk Jose, lana eta kantua egin beharko dituzu erromerian?
Bai, noski, gitarra “astintzen” dugunoi lan horiek ere tokatzen zaizkigu. Bai guk antolatutako erromerian, bai besteetan.

Antzik ba al du Almonteko erromeriarekin? Zaldi eta gurdirik izaten al da?
Izan genituen zaldiak, lehen urteetan, baina garestiak dira zaldien garraioak. Elkarte sendoa da Semblante borondate eta eskuzabaltasun aldetik, baina ekonomia alorrean, beste asko bezala, krisian gaude. Horregatik ezin diegu horrelako gastu handiei aurre egin.

Kasetak jartzen al dituzue?
Bai, Udalaren laguntzari esker jarriko ditugu, batez ere, kanpotik dantza eta kantu taldeekin datozenentzat. Ume asko etorriko dira eta babesa izan dezaten. Eskerrak beraz Udalari.

Zenbat andaluziar bizi zarete Lasarte-Orian?
Duela urte batzuek egindako erroldaren arabera, 400 lagunetik gora ginen, baina datu horiek ez dakit gora edo behera egin duten. Andaluziako Juntak hiru belaunaldi onartzen ditu andaluziar gisa, beraz ondorengoak izango dira. Gutxi gorabehera 400-500 izango gara.

Andaluziako Juntaren laguntza izaten duzue?
Sevillanak dantzatuko dituzte Atsobakarrera hurbiltzen direnek.

Orain arte, aurreko urteetan, diru-laguntza eman du, baina alde guztietan da behi argalen garaia. Aurten ez dugu ezer jaso. Diru laguntza ez bazen, haltzari, ordenagailu edo beste zerbait beti eman zuen Juntak. Garai txarrean dira hegoaldean ere eta aspaldian ez dugu laguntzarik jaso.

Nuestra Señora del Rocio ermandadeak ere laguntzen du?
Bai, elkarte hau arduratzen da erlijioarekin lotutako ekintza eta gorabeheretaz, meza, Ama Birjinaren ibilaldi eta kantatzen zaizkion abestietaz, besteak beste. Toki berean gaude eta Semblante Andaluz-ekin batera egiten ditu hainbat ekintza.

Zerbait nabarmendu nahi al duzu?
Ez, ondo pasatu nahi dutenei etortzeko esango nieke, aspaldi klima oso txarra izan dugu, eta bada garaia eguzkiaz gozatzeko. Nahi duena bere tortila eta besterekin, edota jarriko diren tabernetan Andaluziako produktu tipikoak dastatzera. Andaluziakoak eta hemengo produktuak ere izango dira, gu jada andaluziarrak eta euskaldunak ere bagara eta.

Hango kantu eta dantzak ez dira faltako...
Ez, hemen Gipuzkoan sevillanak kantatzen eta dantzatzen dituen jende asko dago. Ez zenukete sinestu ere egingo. Honelako ekitaldi batera joan eta harrigarria da zenbat zaletasun dagoen ikustea. Jarraitzaile asko ditu dantzak.

Jantziak handik ekartzen al dituzue?
Denetarik dago, batzuek eurek egiten dituzte, baina, gehienek ez. Duela gutxi Andaluzian Rocioko Erromerian izan gara eta emakume guztiek ekarri dute jantzi berria. Senarren poltsikoarentzat ez da hori ona, baina...

Atsobakarren luzitzeko orduan...
Bai. Esandakoa, eskuak zabal zabalik emango diegu ongi etorria erromerian herritar guztiei eta inguruko herrietatik gure festan ondo pasatzera datozenei. Egun atsegin bat pasatzea da garrantzitsuena