2012. urtean udalak “Pausoz pauso Auzoz auzo” ekimena jarri zuen martxan eta udalerriko auzo guztietan bilera asko egin ziren. “Bilera hauetan proposamen ugari jaso zituen udalak eta pixkanaka zerrenda luze honetako ekarpenak gauzatzen ari gara” azpimarratu du Parte-Hartze zinegotziak Alaitz Mendizabalek.
Hauen artean puntu oso garrantzitsu bat parke eta kaleen garbiketari zegokiona da “eta zehazki, txakurren kakek sortzen dituzten arazoena”. Gaia auzo guztietan atera zenez, herritarrek hau konpontzeari lehentasuna eman zioten eta udala bere esku dagoena egin behar du”.
Nerea Sanchezek azaldu moduan, “egun dugun ordenantzak, gai honen inguruko zenbait aspektu arautzen baditu ere garbi dago zaharkitua geratu dela. Beraz, beharrezkoa da Animalien jabetzaren legedi berrira egokitzea eta herritarrekin gaiaren inguruko nondik norakoak partekatu ondoren ekarpenak bertan txertatzea”.
Sanchezen ustetan egun pertsonek eta txakurrek ez dituzte espazioak behar den bezala elkarbanatzen arazo hau tarteko, eta aurrerantzean helburu horretara iritsi nahi bada lan handia dagoela aurretik.
Arazo honi bide emateko Udalaren datu baseetan dauden txakur jabe guztien etxeetara gonbite gutuna bidali zaie eta “ noski, txakurrik izan ez arren, arazo honek jende asko arduratzen duenez eta herritar guztien iritzi garrantzitsua denez, ekimen berri honetan, interesa duen orori hurrengo astean Udaletxeak deitzen duen bilerara gonbita luzatzen diogu” .
Bilera ekainaren 19an arratsaldeko 18:30etan izango da udal euskaltegiko bilera aretoan.
