Txirrindulari gazteek herriko kaleak hartu dituzte

jon-altuna-egitegi 2013ko ekainaren 15a

2001. urteko apirilean lehiatu zen Euskal Herriko itzuliaz geroztik ez zuen Lasarte-Oriak txirrindularitza proba batez gozatzeko aukerarik izan. Duela hamabi urte Lekunberrin hasi eta herrian amaitu zen Steffano Garzellik irabazi zuen 100km-ko etapa eta hurrengo egunean erabaki zen itzulia Raimondas Rumsasen alde, herriko karrikak zeharkatu zituen erlojupeko teknikoan kronoa txikitu ostean.

Oraingo honetan ez dira txirrindulari profesionalak aritu pedalei eragiten, Donostialdetik etorritako alebin eta infantil mailako gaztetxoak baizik, ilusioz beterik, euren senide eta lagunen aurrean hortzak estutu eta esprintatzen ikusi ditugu kilometro pasatxo zuen zirkuituan. Alebinek lau itzuli eman behar izan dizkiote barrutiari, infantilek berriz hamar. Tartean ziren Buruntzazpi Txirrindulari Eskolako kideak, emaitza bikainak eskuratuz gainera. Alebin mailan Asier Pozok bigarren postua eskuratu du eta infantil mailan berriz Luken Carbayeda nagusitu da (argazkian berde argiz).Hauez gain, Mattin Baztarrika, Iraitz Illarramendi, Manex Altuna, Xabier Elosegi, Imanol Iribar, Oier Larrea, Gaizka Bujanda eta Aaron Anzizar aritu dira lehian. Proba antolatzeaz arduratu diren Bazpi Tx. Eskolako kideek egunaren balorazio positiboa egin zuten, “hurrengo urteetarako hainbat gauza hobetu daitezkeen arren”. Txirrindularitzak bisita egin dio aspaldiko partez herriari, eta geratzeko izan dadila!