Rocioko erromeria koloretsua

jon-altuna-egitegi 2013ko ekainaren 16a

XX. erromeria ospatu du Semblante Andaluz elkarteak asteburuan. Festa nagusia Atsobakar auzoaren inguruan izan bada ere, herrira ere zabaldu da jaialdia, meza rocieroa Zumaburun eta prozesioa herriko kaleetan barrena egin baitute. Ez dira bakarrik egon gainera, Irungo Embrujo, Errenteriako Concha Rociera eta Aljarafe, Andoaingo Triana eta Arrasateko Al-Andalus elkarteak bisitan izan dituzte.

Larunbatean eman zitzaion hasiera erromeriari, Jose Perez Acosta Semblante Andaluzeko lehendakariak festa zoriontsuak igarotzeko desiratu zien herritarrei. Handik aurrera, bi egunetan ez zuen etenik izan herriko andaluziarren jaiak.
Goizean giroa epel samar bazegoen ere, arratsaldean jendetza bildu zen Merche Montes abeslariaren eta Andaluziako Etxeetakoi abesbatzen emanaldiak ikusteko. Gauean Amigos del Sur taldearekin gozatzeko aukera izan zen.

Igandea, egun handia
Semblante Andaluzek antolatutako festaren egun handia atzokoa izan zen.
11:30etan meza rocieroa ospatu zuten Arantzazuko Amaren parrokian , bertan ez zen dantza, kantu eta kolorerik falta izan. Mezan gogoratu zuten Rocioko Ama Birjinari debozioa ez zaiola egun bakarrean soilik erakutsi behar, fedea “egunerokoan” erakutsi beharra dagoela.
Ostean atera zuten Rocioko birjina elizatik eta aurreko urtean ez bezala, oraingo honetan eguraldi ona izan zuten lagun. Kanpoan Semblante Rocieroko lagunen koru eta gitarra akordeen artean hiru kantu eskaini zizkioten Ama Birjinari kofradeek bizkarrean hartu aurretik.
Tipi-tapa Atsobakar auzoraino iritsi ziren eta bertan zain zeuzkaten herriko alderdietako agintariak agur ofiziala eta fino ardoarekin brindisa egiteko.
Paella jana egin zuten 14:00ak aldera eta belardietan edo karpen itzaletan bilduta, jendea giro ezinhobean aritu zen tertulian herriko zein inguruko herrietako dantza taldeen ikuskizunak hasi arte. Herriko Azabache, Zambra, Gitanillos del Alba taldeek “soleá”, “alegría”, “tango” eta “runba” ederrak eskaini zituzten Atsobakarreko parkean ikurrina eta andaluziar banderaz apainduta zegoen eskenatokian.
Salve Rociera delakoarekin, Ama Birjinari azken agurra eman zioten emozio artean, hurrengo urtera arte itxaron beharko dute orain.