Tokiko Agenda 21 herritarren esku

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ekainaren 17a

Lasarte-Oriako Udalak, Tokiko Agenda 21eko prozesuaren eremuan, 2006. urtean bere Ekintza Plana onartu zuen. Ordutik, iraunkortasunaren aldeko pausoak ematen lagundu du eta arlo ezberdinak jorratu ditu udalak, mugikortasuna, energia, hondakinak, lurralde antolamendua edo garapen ekonomikoa, besteak beste.

Lehenengo plan hau amaitutzat jo da eta orain, plan berri bat definitzeko lehen pausoak ematen hasi dela jakitera eman dute udal ordezkariek.

“Horrela, abiapuntu gisa, Lasarte-Oriako gaurko egoera zein den jasoko duen Diagnostikoa osatzen ari gara”. Diagnostikoa osatzeko, lan teknikoaz gain, Auzoz-auzo proiektuaren testuinguruan egin diren ekarpenak ere kontutan hartu dira.

Hala ere, azterketa osatzen bukatu aurretik, “ezinbestekoa iruditzen zaigu bertan jaso diren emaitzak herritarrei aurkeztea”.

Gainera diagnostikoan oinarrituz, etorkizuneko Lasarte-Oriako Agenda 21eko Ekintza Planaren oinarria osatuko duten lehentasunezko eremuak identifikatu nahi dira.
Hau dela eta, ekainaren 18an asteartean, 19:00etan, Kultur Etxean ospatuko den foroan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.

Landuko diren gaiak: Lasarte-Oriako Tokiko Agenda 21-eko testuinguru eta aurrekarien azalpen laburra, diagnostikoa osatzeko jarraitu diren pausuen aurkezpena, diagnostikoaren gakoak aurkeztu eta ekarpenak jaso eta etorkizunari begira identifikatu diren Udalerrirako lehentasunezko gaiak aurkeztu eta ekarpenak jaso.

Lasarte-Oriako Udalak herritarrak bileratan parte hartzera animatzen ditu, “denen artean nahi dugun herria egiteko”.