Montse Latorre eta Kristina Perez Alboka Abesbatzaren zuzendariak: “Haize berria lagungarria da”

jon-altuna-iza 2013ko eka. 17a, 11:16
25. urteurrena ospatzen ari den Alboka Abesbatzako Montse Latorre eta Kristina Perez Abreu zuzendariak beste 25 egiteko prest dira. San Pedro elizan estreinatu zen Alboka 1988.ean, eta, ekainaren 22an, lehen pausuak oroituko dituzte bertan emango duten kontzertuan. Larunbatean, 25 urteotan Alboka, Zandategi eta Alboka-Txiki abesbatzetan aritu diren herritar guztiak gonbidatuta daude, denek batera, bi abesti kantatzeko.
Urteurreneko kontzertuak aurkeztu zituzten eguneko irudia
Daniel Adrian izan zen Alboka Abesbatzaren lehen zuzendaria. Bere agindupean eman zuen lehen kontzertua 1988.eko ekainaren 24an San Pedro Parrokian. Ordurako abesbatzan zen Kristina Perez Abreuk ordezkatu zuen gero, 1997.ean, eta 2008.az geroztik bi zuzendari ditu abesbatzak, Montse Latorre eta aipatutako Kristina Perez Abreu. Biek eman digute 25 urteko ibilbidearen berri.

1988tik 25 urte bete dituzue, zer nabarmenduko zenukete urte hauetan egindako bidean?
Kristina: Herriko abesbatza dela, abestea gustatzen zaion herriko edozein pertsona etorri daiteke guregana.

Montse: Edozeinek probatu dezake, nahiz eta musikaz asko ez jakin.

Kristina: Eta, behin probatuta, gero naturaltasun osoarekin erabaki: gustatzen bazaio, jarraitu; ez bazaio gustatzen, eta beste zerbait espero bazuen, orduan ere oso ondo.

25 urte atzera egingo dugu. Nolatan sortu zen Alboka?
Kristina: Lehendabizi gizonezkoen abesbatza sortu zuten Landaberri eskolan, kantatzeko gogoa zuten gizon batzuek. Handik urte batzuetara, 1987.ean, Felipe Lizarragak zuzendaritza utzi eta Daniel Adrian-ek hartu zuenean, honek proposatu zuen abesbatza misto bihurtzea. Hori izan zen sorrera.
Urte hartako azaroan ehun bat lagun bildu ginen Tedoso zineman; gero, froga zorrotzak egin zizkiguten, noski, galbahea pasa eta aukeraketa egiteko, baina, hala ere, lehenengo kontzertuan lagun pila bat ginen. Eliza bete egin genuen. Horrela sortu zen abesbatza, abesteko gogoa zuten gizon haiei esker.

Beti egon al da hasieran hainbesteko zaletasuna?
Montse: Bai, batez ere emakumeen artean. Gizonezkoak falta ditugu. Orain bat batean etorri dira hiruzpalau berri eta nabaritzen dugu.

Kristina: Partaideak taldearen dinamikan sartzen dira eta haize freskoa, haize berri hori, oso lagungarria izaten da taldearentzat, gainera.

Ondo pasatzeko helburuarekin elkartzen den talde amateurra da Alboka; Zer da erakargarriena edo pizgarria kideentzat?

Montse: Nik esango nuke kontzertuak direla, berez, eta kanpora egiten ditugun bidaiak. Nori ez zaio gustatzen bidaiatzea?

Portugalera, Norvegiara, Poloniara... Egin dituzue irteera batzuek kanpora, ezta?
Kristina: Italian ere egon ginen, eta Espainiako toki askotan. Gehienetan bi talderen arteko trukeak dira, aurrekontu handia behar izaten da eta. Gu bisitan joaten garenean beraiek asko jartzen dute.
Gaur egun ez dakit nola konponduko ginatekeen, baina garai onak eduki ditugu koruan.

Bereziki, bidaiaren bat gogoratzen al duzue?
Montse: Denek daukate bere xarma.

Kristina: Polonian egon ginenean oso gaztea nintzen; horrelako lehenengo bidaia nuen. Autobusean lo egiten genuen, oso polita izan zen.

Montse: Mallorcara egin genuen gure lehen hegaldia eta oroitzapen ona dugu, asko gogoratzen naiz Mallorkaz. Bertako lagun pila bat egin genituen.

Kristina: Norvegiakoa ere sekulako aukera izan zen.

Errepertorioa aldakorra izan da 25 urte hauetan. Ba al dauka, dena den, Albokak berezitasunen bat?
Kristina: Gu hemengo musika lantzen saiatzen gara. Hori bai, ateak irekitzen dizkiogu, gero, polifonia europar edota amerikarrari, beti ere, hemengoa galdu gabe. Nolabait esateko, hemengo abestiak beti tartekatzen ditugu besteen artean.

Mantentzen al du hasiera haietatik abestiren bat?
Montse: Bai, afarietan, batez ere.

Kristina: Adibidez, ekainaren 22ko kontzertuan nahi duten partaide guztiekin eskainiko ditugun bi abesti horiek, “Kantuz” eta “Ilunabarra”, hasiera hasierakoak dira.

Zein hizkuntzatan kantatzen duzue?
Montse: Filipinoz ere kantatu dugu. Partaide berriak izututa daude.

Kristina: Hizkuntza ugari erabili ditugu, euskara, gaztelera, ingelesa, alemana filipinarra, norvegiarra, suomiera... swahiliz baten bat. Ez dugu eragozpenik jartzen hizkuntzarengatik.

Beste hizkuntza batean kantatzeak badu zailtasunik, ezta?

Kristina: Baina saiatzen gara ahalik eta gehiena jatorrizko ahoskerari eusten.

Montse: Itzulpenik ez dugu egiten, jatorrizkoa abesten dugu.

Euskarazko abesti asko kantatzen al dituzue?
Kristina: Bai, maiatzaren 11ko kontzertuan abesti denak euskaldunak ziren. Ekainaren 22koan, ordea, denetarik egongo da.

Montse: Ez da komeni, adibidez, ingelesez gehiegi egitea, ikuslearentzat nekagarria izaten da eta. Gehiago kostatzen zaie.

Herriko ekitaldi nagusietan parte hartzeaz gain, herriari irekitako abesbatza da...
Kristina: Bai, interesa daukatenak etor daitezela, lasai, eta beldurrik gabe, gainera. Azken finean gu horretarako gaude.

Montse: Saiatzeko, behintzat, ez dezatela beldurrik izan.

Kristina: Gero, denborak eta gogoak jarriko dituzte mugak. Bestalde, herrian gauza askotan parte hartzen dugula esan dugu: mezan, Azkorteko ermitan, Maratoian, Santa Zezilia egunean... eta beste hainbat ekitalditan. Azken finean herriak behar dituen ekintza guztietan.
Zero Settek ere 25 urte bete zituen duela gutxi...
Montse: Azken finean, denok berdintsu ari gara. Erketz dantza taldea da zaharragoa. 50 urtetara bidea hartu du.

Zero Sette eta Erketz aipatu ditugu. Ikuskizun ederra muntatu zenuten elkarrekin...
Kristina: Izugarria da herrian bertan dantza taldea, akordeoi orkestra eta abesbatza izatea.

Montse: Eta denak elkarrekin lanean ikustea hunkigarria. Gainera denak herrikoak izanda, Lasarte-Oriak oso harro egon beharko luke. Dena den, bai guk eta bai beste taldeek beharrezkoa dugu eraberritzea. Hori, beti. Harro gaude, baina, benetan, hain harro baldin bagaude, kontzientziatu eta parte hartu behar dugu.

Beste 25 urte betetzeko prest?
Kristina: Bai dudarik gabe.

Montse: Albokak, talde bezala, espero dut baietz. Pertsonalki ez dakit.

Kristina: Bai, indarrik falta ez bazaigu. Beti ere, herritarrek parte hartzen baldin badute, Alboka hor dago eta hor egongo da.

Orain ospatzea tokatzen da...
Kristina: Bai, hala ere, horrelako urteurrenek erretzen dute. Kanpotik oso polita ikusten da, baina, kontzertuetarako errepertorioak prestatu behar dira: egun baterako bat, hurrengo hilabeterako beste bat guztiz ezberdina... Atzean lan handia dago.

Montse: Entsegu gehiago egiten dira, hauek luzatzen dira, grabaketa egin behar da... Lan handia da.

Kristina: Oso polita da eta emaitzak ederrak dira, baina zuzendariek eta, batez ere. partaideek lan handia egiten dute. Topera gabiltza denak. Lehen ere horrela izango zela pentsatzen dut.