XXIV. Lasarte-Oria Saria

Txintxarri Aldizkaria 2013ko eka. 17a, 11:28

Lasarte-Oriako XXIV. Saria egin da asteburuan Udal kiroldegiko igerilekuan. Buruntzaldea IKT taldeaz gain, aurtengoan Hernani KE, Zarautz Balea, Tolosaldea IKT eta Usurbil ere izan dira lehian. Guztiek maila polita eman dute eta jende asko hurbildu da proba ezberdinak ikustera.

Ia mende laurdena bete du Lasarte-Oria Sariak. Urte guzti hauetan herrian kalitate handiko igerilari trebatuak azaldu dira eta larunbateko lehiaketan ikusitakoarekin, aurrerantzean ere herriak harrobi ona duela argi geratu zen.

Igerilekuan proba ezberdinak ikusi ahal izan ziren. Lehenik eta behin txikitxoen txanda izan zen, 2005. urtean jaiotakoek, erreleboen aurretik, lehiaketatik kanpo 25 m. libreko erakustaldia egin zuten. Jakina, lehen zita honen aurrean nerbioak dantzan jarri zitzaizkion bati baino gehiagori eta irteera ustel bat edo beste ikusi zen.

Ostean iritsi zen benjamin, alebin, infantil, junior eta absolutuen txanda. Hauek ohi bezala denbora politak egin zituzten eta etxekoen berotasuna gertutik sentitu zuten besakada bakoitzean.

Txapelketa aurrera eramateko, ohi bezela, herritarren laguntza behar izan dute antolatzaileek bai mikroan speaker lanak eginez, saribanaketa prestatu edota igerilarien serieak kronometratzeko, denen artean txapelketa ederra osatu zuten.