Lasarte-Oriako PSE-EEren arabera, erabaki honekin Lasarte-Oriak uzten du “udaletxeen eta hauen tokiko autonomiaren alde hainbeste lan egin duen erakundea”. Talde sozialistak publiko egin duen oharrean hainbat arrazoi ematen dituzte erabaki honen aurka azaltzeko.
“Egun tristea da gure udalerriarentzat. Nazionalistek gidatzen duten haustura honetan beste urrats bat ematen da FEMP-etik ateratzearekin batera, Espainiako herri eta hiri guztiak biltzen dituen erakundetik hain zuzen. Herri anitza osatzen dugu eta herritar guztiek eroso sentitu behar dute edozein dela euren identitate nazionala”.
Udalbatzarrean hartutako erabakiaren inguruan Pablo Barrio alkateak emandako arrazoiak “lamentableak eta koldarrak” izan zirela diote sozialistek. “Ez direla honetan ordezkatuta sentitzen eta arrazoi ekonomikoak, aurreztearen aitzakia aipatu zuen alkateak. Erakunde honetan ordezkatuak sentitzen ez badira, bileretara joatea dute. Ekonomikoki berriz, aurrezteko dela esateko garaian, alkateak ez zuen jakin diru kopuru zehatzik esaten. Urteko kuota 1.840 eurokoa da. Gure ustez aurrezteko modu ona izan daiteke hirigintzan kontratatutako aholkularia kentzea, horrek bai gastu altu bat suposatzen dio gure udaletxeari, 20.000 euro inguru. Ausardi gehiago behar zuen alkateak eta onartu identitate nazionalista baztertzailea dela arrazoi bakarra erabaki honetan”.
Bestalde, PSE-EE taldearen idatzian LOHP-ko bi ordezkariei esaten zaie “abstentzioarekin ahalbidetu dute urrats hau ematea identitate ideologiko esklusibista baten alde, espainiar kutsua duen oro baztertzen duen jarrera”.
“FEMP eztabaidarako eta formaziorako topagune bezala sortu zen baina baita estatuko beste erakundeen aurrean tokiko, udaletxeen autonomia defendatzeko ere. Lan honetan udaletxeek beharrezkoak dituzten baliabideez hornitzea ere izan da zeregina. Pena da Gaztelekua bezalako proiektu batentzat galdu dugun diru laguntza aukera”.