Lasarte-Oriako BAI plataforma sortu da

maider-azurmendi 2013ko ekainaren 19a

Lasarte-Oriako BAI plataforma aurkeztu dute Brigitarren komentuan azken 34 urtetan herrian izandako "atzo eta gaurko zinegotzi nazionalistek". Estitxu Alkortak EAJko egungo zinegotzi eta ordezkariak irakurri du plataformaren sortze-gutuna. Honen hitzetan "iraganaldian, hamaika zatiketa eta borroka bizi ditugu gure artean. Hala ere, bistan da katea ez dela eten. Lasarte-oriatarren beharrei erantzuteko borondateak bildu gaitu berriz ere. Datozen garai berriak elkarrekin landu nahi ditugu"

Brigitarren komentuaren aurrean, "Lasarte-Oriak bere jaiotza formala izan zuen lekuan. Ehunka urteetan adierazitako nahiari erantzunez, hemen bertan lortu zuen udalerria izatea. Ez zen hutsetik sortua. Mendeetan zehar, udalerri-molderik lortu ez bazuen ere, nortasun indartsua azaldu izan zuten bertakoek, herri sustrai sendoak zituztela agertaraziz". Bertan aurkeztu dute gaur Lasarte-Oriako BAI plataforma berria, Bakea, Askatasuna eta Ikurrina.

Sortzaileak, 34 urtetan herrian izandako "atzo eta gaurko zinegotzi nazionalistak. Noizbait Lasarte-Oriako herriari egindako zinak berak ekarri gaitu berriro honaino. Behin hartutako konpromisoak, irmoa izanez gero, iraun egiten duenaren froga bizia gara. Orain ere, lehen bezala, gure herria hartzen dugu abiaburu, bide eta helmuga". Estitxu Alkortak eta Boris Nogalesek, egun EAJko zinegotziak direnak, irakurri dute plataformaren sortze-gutuna.

BAI izenaren jatorria honakoa dela azaldu dute, "Bakea, Askatasuna eta Ikurrina. Bakea, indarkeriaren garaiari bukaera emateko. Askatasuna, gure arazoak gure eskutik konpontzeko beharrezkoa dugulako. Bakea eta Askatasuna, gizartearen elkarpen sanoagoa zimendatzeko. Ikurra, elkarpenaren erakusle sinbolikoa delako. Bi ikur dira gure arteko baterapen hori egokien azaltzen dutenak: euskotar ikurrina eta lasarte-oriatar bandera".

Egun herrian langabeziak besteak beste, sortzen dituen arazoen aurrean "Lasarteoriatarron arima ekintzaile horri eutsi behar gatzaizkiola aldarrikatu nahi dugu. Egoera kritikoetan sortzen omen dira ekimen baliotsuenak ". Eta horrela "Iraganaldian, hamaika zatiketa eta borroka bizi ditugu gure artean. Hala ere, bistan da katea ez dela eten. Lasarteoriatarren beharrei erantzuteko borondateak bildu gaitu berriz ere. Datozen garai berriak elkarrekin landu nahi ditugu. Arazo zaharrak atondu gabe segi ez daitezen garai berrietan. Gure agerraldi eta idazki honekin Etorkizunari BAI esatea nahi genuen, apaltasunez baina ardura guztiarekin."

Elkartze hau, Espainiako bandera jartzearen aurka udaletxean egindako agerralditik datorrela aipatu dute bi zinegotziek.