Eguraldiaz hausnarketa

Asier Odriozola 2013ko eka. 21a, 10:54
Asper-asper eginda gauzka udaberriko eguraldi gris, triste eta goibelak. Asperdura sortzen du egunez egun lainoek ba omen den eguzkia menpean dutela ikusteak. Dakitenek diote argi gabeziak, azkenaldian indarra galdua dabilen Errege Astroaren gabeziak eragin zuzena duela animoan, gorputzaldian eta begi bistako gertatzen da hori bereziki Euskal Herrian. Berezkoa dugu euritarako joera, gurean berdeak dira oso zelaiak eta inon ez bezalakoak letxuak, baina azkar asko aldegiten dugu egun batzuk beroa seguruago duten lekuetara.

Berriki irakurri dut Azoreetako antizikloia, zer den garbi jakin ez arren askotan entzun dudan fenomenoa, behar baino beherago dagoela eta beraz ez gaituela haren itzalak harrapatzen, lainoak eragozpenik gabe datozela alegia guregana eta agi denez, gustura sentitzen direla hemen, nahiz azpikook maldizioka hartzen ditugun.

Bi hausnarketa egin nahi ditut honen guztiaren harira, xumeak biak ere. Bata, ez dugula eguraldiaren gaineko botererik, gizakiak menderatu ez duen arlo gutxienetakoa dela alegia. Eta eskerrak hala den, esango luke batek baino gehiagok. Bigarrena: aldatu ezin dugun, kontrolatu ezin dugun beste edozein egoera edo gauzarekin egitea komeni zaigun bezala, eguraldiarekin ere datorren datorrenaz gozatzea komeni zaigula.

Euria ari duela? Gora euria! Hartu garai batean esaten zen bezala, guardasola eta egin kalera, borondate pixka bat jarriz gero xarma handia du eta horrek.