Asteartean Kultur etxean burutu zen Agenda 21 ekintza planaren lehen bilera irekia. Nerea Sanchez zinegotziak aurkeztu zien ekimena bertaratutako herritarrei. Lehenengo diagnostikoaren nondik norakoak entzun zituzten eta ondoren iritzia emateko aukera izan zuten herritarrek.
Udalak Tokiko Agenda 21eko prozesuaren baitan, 2006. urtean bere Ekintza Plana onartu zuen. Ordutik, Plan honek iraunkortasunaren aldeko pausuak ematen lagundu du eta, mugikortasuna, energia, hondakinak, lurralde antolamendua edo garapen ekonomikoa bezalakoak jorratu ditu. Lehenengo Plan hau amaitutzat jo da eta orain, berri bat definitzeko lehen pausoak ematen hasi behar denez, udala Lasarte-Oriako gaurko egoera zein den jasoko duen Diagnostikoa osatzen ari da. Diagnostikoan oinarrituz, etorkizuneko Lasarte-Oriako Agenda 21eko Ekintza Planaren oinarria osatzen duten lehentasunezko eremuak identifikatu nahi dira eta hau herritarren parte hartzearekin egin nahi izan da.
