Erritu eta usadioen gaua, San Joan gaua

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ekainaren 21a

Ikasturtea amaitu da eta gaur udan sartzen gara. Baina urtaro berri honen etorreraren ospakizunak igandean, San Joan bezpera egunean izango dira. Orduan, Euskal Herriko baserri, etxe eta plaza desberdinetan sua piztuko da. Lasarte-Orian ere, Okendo plazan erreko da. Aurretik, Erketz EDT-ko lagunek udal ordezkariekin batera zortzikoa eta soka-dantza dantzatuko dituzte.

Igandean, San Juan sua izango da Okendo plazan. Herritarrek urtean zeharreko oroitzapen txarrak erretzeko aukera izango dute.
Euria eta lainoak, besterik ez dugu ikusi azken astean baina ez badirudi ere, uda iritsi da. Eta horrekin batera herri desberdinetako jaiak. Lehenengoa, San Joan eguna. Eta honen bezperan, ekainaren 23an, igandean San Joan su eguna da eta gure arbasoen antzera, udako solstizioa ospatuko dugu.

Jatorri paganoa duen antzina-antzinako tradizioa da, nahiz eta Erdi Aroaz geroztik, San Joan Bataiatzailea kristau santuaren izena daraman.

Usadio eta erritoak
Gau magikoa omen da San Joan bezperako gaua, oroitzapen txarrak erraustu eta horiek ahazteko gaua dela esan ohi da. Baina Euskal Herriko txoko guztietan ospatzen den gau honetan garaian garai hainbat usadio eta erritu egin dira.

Esaterako, egun horretan iturri, putzu eta erreka batzuetako urez garbitzea, haietako ura edatea nahiz San Joan eguneko goizeko ihintza zapaltzea osasungarria dela sinetsi izan da. Lasarte-Oria inguruan ere hainbat izaten ziren egiten ziren errituak.

Iaz bezala, Lasarte-Oriako alkate eta hainbat zinegotzik soka-dantzan parte hartuko dute.
San Joan bezperan sua erre eta gero, su berria eta ur beinkatua banatzen ziren baserriz baserri.
Eta San Joan egunean elorria eta erramuarekin egindako gurutzeak jartzen ziren ate eta leiho guztietan trumoiak saihesteko.

Erritu batzuk oraindik ere mantentzen dira eta hainbat izaten dira San Joan eguenan etxebizitzako sarrerako atean lizarra jartzen duten herritarrak.

Zortzikoa eta sokadantza
Honela igandean, San Joan bezperako ospakizunak izango dira Lasarte-Orian. Hauek 21:30ean hasiko dira udaletxe aurrean. Bertan, Erketz EDT-ko lagunek San Joan-eko zortzikoa eskainiko dute. Ondoren, Udalbatzako kideak, Erketz EDTko dantzari eta musikariak lagun dituztela, Okendo plazarantz abiatuko dira.

Plazara iristerakoan, Soka-Dantza tradizionala dantzatuko dute.
Iaz bezala, Erketz euskal dantza taldekoekin batera udalbatzarreko hainbat zinegotzik egingo dute dantza, hala nola, Pablo Barrio alkatea edo Bildu, EAJ eta LOHP-eko zinegotziak.

Sua
Eta hau amaitzean, 22:00ak aldera, denek espero duten unea iritsiko da, San Joan Suaren piztea
Sua erre bitartean, kalejira, fandangoa eta arin-arina dantzatuko dira.
Suaren garretan erreko dituzte herritarrek urte honetako gauza txarrak, ea bide batez ahaztu ditzaketen gau berezi honi esker.