Elebeltz espazioak ateak ireki ditu

jon-altuna-iza 2013ko eka. 21a, 11:25
B)Elebeltz, Sorkuntza eta Eztabaida Askerako Topagunea sortu dute Kotxeras-en herritar batzuek okupatu duen eraikinean. Herrian dauden hutsuneei erantzuteko hainbat ideia darabil kolektiboak. Momentuz, eraikina txukundu, eraberritu eta ateak ireki dituzte. Asteartean, Agnes Vardaren “Les glaneurs et la glaneuse” filma eskaini zuten eta ondoren berrerabilerari buruz mintzatu ziren. Bestalde, musika eskola abian da eta udan ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa dute, espazioa, horretarako aproposa dela eta. Izan ere, sarrera nagusia erreka bazterreko pasealekuan dauka.
Zabaleta auzoko festatan izan genuen Elebeltz taldearen berri. Dena den, aurretik ageri ziren herriko zenbait pareta bazterretan bele beltz batzuk mokoan “eleak”, L hizkiak, eramanaz. Orain jakin da nondik datozen. Hain zuzen ere, bele beltza ikur hartuta, Sorkuntza eta Eztabaida Askerako Topagunea sortu dute Kotxeras-eko industrialde zaharreko eraikinean, edozein adineko jendeari irekia, gazte zein helduak, espazioa ezagutu eta bertan dinamika desberdinak sortzeko asmoarekin.

2012ko eguberrietan sartu ziren bertara herritar batzuek, eta sei hilabete hauetan txukundu egin dute: ura eta argi indarra jarri, garbitu, margotu eta abar. Espazioa ari da, jada, izan nahi duenaren itxura hartzen: erdian, elkartzeko mahaia, aulki eta sofa batzuek, bazter batean eskenatokia, paretetan graffitiak eta abar. Dena den, oraindik ez dago erabat egokituta, eta, beraz, iturgin, elektrizista edo besteen laguntza eskertuko dutela eta altzari, etxe-tresna elektriko, margo, erreminta eta abar jasoko dituztela jakinarazi dute.

Tona eta erdi zabor atera dute industrialde zaharrean okupatutako eraikinetik eta, lokala eraberritu ondoren, prozesuaren bideo bat egiteko asmoa dute, aurretik zuen egoera eta orain hartu duen itxura alderatu eta ezagutarazteko.

Espazioa
Astelehenero arratsaldeko 19:00etan eraikinean elkartzen direnen helburua, herrian ikusi dituzten gabeziei erantzutea da: “horiei buelta eman saiatuko gara inori itxaroten egon gabe. Zer edo zer egiteko lekua, espazioa, izango dugu behintzat” eta horretarako zabaldu dituzte ateak interesa duen edonorentzat.
Okupazioak aspalditik izan du lekua Lasarte-Orian. Adibide asko dira, INEM eta Udaletxe zaharrak, Villa Mirentxu, Andre Joakinaenea...

Tokia herriarentzat zerbait garrantzitsua izango dela eta potentziala duela uste du Elebeltz kolektiboak. Oraingoz, “abandonatutako espazio bat” errekuperatu dute, herriaren erdigunetik aparte, baina ez oso urruti.

Funtzionamendu irekia
Momentuz, espazioa prestatu eta funtzionatzeko gutxieneko baldintzak finkatu dituzte. Argi dute, herrian dauden hutsuneei erantzun nahi dietela, hau da, ez dute herrian egiten den beste ekimenik oztopatuko. Bultzatzaileen iritziz, “bertan erakundetzea bultzatuko du kolektiboak. Edozer gauza egiteko aukera dago, baina bertatik dinamizatuta. Kanpotik datozen gauzak ongi etorriak dira, baina, beti ere, espazio honetako dinamikan txertatzen baldin badira”.

Dagoeneko, herriari espazioa ireki eta hasi dira gauzak antolatzen. Asteartean, filmea eta tertulia burutu zuten eta uda garaian beste hainbat ekimen antolatzeko asmoa dute.

Ateak zabalik izango ditu Elebeltz espazioak, esan bezala, astelehenero arratsaldeko 19:00etatik aurrera, nahi duen ororentzat.