Zentro Zibikoko emakumeen protesta

jon-altuna-iza 2013ko eka. 21a, 14:39
Sabel dantza, batuka eta aerobic emanaldia bertan behera utzi dute Zentro Zibikoko emakumeek gaur eguerdian polikiroldegian, bertan egiten diren iharduerak kentzeko asmoaren aurrean protesta egiteko. San Pedroen egitarauaren barruan iragarrita zegoen emanaldiaren ordez, pankarta bat atera dute, salaketa testu bat irakurri eta ondoren Pablo Barrio alkatearengana joan dira honi ere euren kezka eta eskaerak helarazteko. Erabakiaren aurkako sinadurak biltzen ere ari dira.
Eguerdian egin dute protestaldia, polikiroldegian, Zentro Zibikoko emakume batzuek.
Eguerdian polikiroldegian iragarrita zegoen sabel dantza, aerobic eta batuka saiorik ez da egin. Emanaldian parte hartu behar zuten Zentro Zibikoko emakumeek pankarta bat atera dute “Ihardueren ezabapenik ez. Zabaltzeari bai. Pertsonal aldaketarik ez” leloarekin. Gainera, emakumeetako batek Lasarte-Oriako Udaleko Ongizate Sailaren asmoak salatu ditu: “Aurkeztu den esleipen berriaren bidez jakin dugu zentroko koordinatzaileen perfila aldatu eta pixkanaka bertan burutzen diren iharduerak kendu nahi dituztela, horrela, beraien ustez, Emakumearen Zentroari bira bat emateko edo bere norabidea aldatzeko. Horregatik, protesta gisa, emanaldirik ez egitea erabaki dugu, egin nahi diren aldaketak arbuiatzeko” esan du bozeramaleak. “Argi geratu dadila iharduera berriak nahi ditugula, eta ez, hain justu, eskaera handiena dutenak kentzea” gaineratu du.

Ikastaro horietan parte hartzen dutenen iritzia orokorra ere jakinarazi du: “Zergatik aldatu funtzionatzen eta ondo funtzionatzen duen zerbait?” omen da emakume horien galdera nagusia.

Protestaldiaren ondoren Udaletxera abiatu dira emakumeak, eskutitz batean euren kezkak Pablo Barrio alkateari helarazteko. Gainera Udalaren erabakiaren aurkako sinadurak biltzen ari dira, egokia deritzotenean aurkezteko.

Jubilatuen erakustaldia

Biyak Bateko kideek goizeko 10:00etatik ikasturtean zehar landutako Aerobic ariketak erakutsi dituzte baita soinketa saio oso bat ere egin dute. Ikusleen aurrean trebe azaldu dira jubilatuak sasoi betean daudela ederki erakutsiz.