Erketzen ikasturte amaierako dantza ikuskizuna

jon-altuna-egitegi 2013ko ekainaren 22a

Ederra izan zen Erketz EDT-ren ikasturte amaierako ikuskizuna, Manuel Lekuonako eskenatokia kolorez eta euskal jantzi tradizionalez apaindu zuten adin guztietako dantzariek, haurretatik hasita, aiton-amonetara arte. Hiru belaunalditako jendea batu zuen atzokoan dantzak. Hauen atzean bi ikur, ikurrina handi bat eta Erketzen bandera. Kultur-etxera hurbildu ziren ia 200 lagunek gozatua hartu zuten herriko dantzari trebeek Gipuzkoako Dantzak, Arratiako Jotiek, Itsez dantza, Sardiuinerak, Larrain dantza edota Zuberoa dantza konplitauari ekin ziotenean.

Dantzari guztiak aritu ziren bikain, baina bereziki aipagarria eta ikusgarria izan zen Zuberoako Maskaradetan ohikoa den Godalet dantza, basoerdi baten gainean bi oinak jarrita, salto eta jauzika aritu ziren txerrero, kantiniersa, zamaltzain eta banderazaina.

Zer esanik ez musikarien inguruan, Erketzen musika taldeak hainbat instrumentuz jantzi zuen emanaldia, dantzarako doinu eta erritmoak sortuz. Besteak beste, gitarra, biolina, alboka, txistua, trikitixa, danbolina eta dultzaina entzun ahal izan ziren. Gainera, Asier Eizagirre txistulariak maisuki abestu zuen Imanolen "Mendian Gora Haritza" kantu hunkigarria.

Emanaldia amaitzean, Erketzeko arduradunek emanaldia ikustera hurbildutako herritarrei eskerrak eman eta hurrengo urtean ere elkar ikusteko desira azaldu zuten.

EMANALDIKO ARGAZKI GALERIA