Zerbitzu Sozialen Batzordean eztabaidatua izan zen Zentro Zibikoaren gaia aurreko astean eta kudeaketa-eredu berriaren proposamena aurrera atera zen Bildu, EAJ eta LOHP-ren bozkei esker.
Halaber, PSE-EEk ohartarazi du Udal Gobernuak enpresa onuradun berriari herriko gizon eta emakumeen egoera orokorraren inguruko diagnostiko bat eskatu diola eta Zaballosen hitzetan, Bilduk zentroarekin zer egin ez dakiela erakusten du horrek.
Azken finean, uste dute instalakuntzak ezker abertzalearengandik hurbil kokatzen diren herriko talde eta erakundeei utziko dizkiela Bilduk "erabilera autonomoa" eman diezaieten, baina sozialisten ustez, gobernuak lortuko duen bakarra talde horietan euren burua kokatzen ez duten emakumeei "ateak ixtea" izango da. Orain arte "ezin hobeto" funtzionatu duena aldatzeari ez diote logikarik ikusten.
Bildu gai honetan "inkoherentea" izaten ari dela ere esan dute, Sexologiaren inguruko ofizina bat sortu nahian ari direlako aurretik zegoen Asociación Clara Campoamor desagerrarazi dutenean "kudeaketa txarraren ondorioz". Tratu txarrak jasan zituzten emakumeei laguntza psikologiko eta juridikoa eskaintzen zien aipatu taldeak eta PSE-EEren ustez, sexologiarena baino auzi "askoz ere garrantzitsuagoa" lantzen zuen, genero indarkeriarena hain zuzen.
Bestalde, Zentro Zibikoko langileria hilabete barru kaleratuko dutela salatu dute sozialistek. "Izan ere, orain Diplomaturaz gain, bi master ere eskatuko zaizkio langile berriari; sexologiakoa alde batetik eta berdintasunekoa bestetik, euskarazko hirugarren perfilaz gain", azaldu du Zaballosek. Era berean, aldaketa eta exigentzia hauekin "susmoa" dauka ez ote dagoen jada zentroko pertsonala perfil konkretu batera bideratuta.
Informazio gehiagorako: Atzo Emakumeen Zentro Zibikoko langileek kiroldegian egindako protesta
