Ekitaldi arina izan zen, xumea, baina indartsua aldi berean. Hasteko, Amaia Agirre bertsolariak bertan bildutakoen aurrean halaxe abestu zuen: "Ez da ohial bat ta hiru kolore / Babesten deguna / Herri bat, eskubide bat / Eta herri nortasuna". Ondo definitzen dute bi errima horiek atzoko ekitaldiaren helburua.
Porrotx pailazoak ere agerraldia egin zuen, kapela magikoan hainbat koloretako zapiak banaka sartuta, (emakumearen morea, maitasunaren gorria, naturaren berdea...) ortzadar koloreko bandera koloretsua atera zuen herritarren putz magikoari esker: "Munduari gure kolorea eman behar diogu, euskaraz eta alaitasunez", adierazi zuen Porrotxek.
Jarraian Xumela abesbatzaren txanda izan zen. Hauek Manolo Urbieta konposatzailearen "Goazen Anai Maitiak" abestu zuten 12x8 metro neurtzen zituen ikurrina erraldoiaren aurrean.
Erabaki, EAJ eta EH Bilduren izenean, Pablo Barrio alkateak, Estitxu Alkorta eta Rikardo Ortegak Espainiako bandera Udaletxeko balkoian jartzeko inposketa salatu eta ikurrinaren aldeko manifestua irakurri zuten: "Herrian gatazka eta talka sortzaile den Espainiako bandera jarrita ere, ez dute herri baten identitatea edo nortasuna ezbatzerik lortuko", adierazi zuten. Aipatutako alderdi politikoez gain, herriko hainbat talde eta elkartek ere manifestuarekin bat egiten dutela esan zuen Barriok.
Ekitaldia amaitzeko Pello Ormazabal, Ramon Ormazabal eta Taxio Arrizabalagak agurra dantzatu zioten ikurrina erraldoiari eta herritarrek txalo zaparrada luzea eskaini zieten azken aldiz ikurrina eskutan hartu eta argazkirako astindu aurretik. Herriko balkoi batzuetan eta taberna askotako kanpoaldean ikurrina jarri zuten ekitaldiari babesa emateko, tartean, Okendoko Kebab-eko turkiarrek.
