Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen kontzertua izan zen, Kristina Perez Abreu eta Montse Latorre Ortega zuzendarien esanetara gaur egungo zein hainbat mende atzeragoko kantuak interpretatu zituen herriko abesbatzak. Ez ziren bakarrik aritu ordea, kolaborazioz jantzitako kontzertua izan baitzen.
Batetik, Javier Busto konposatzaileak XXV. urteurrenerako Bustok berak espreski sortutako "Sicut Cervus" abestia zuzendu zuen (behean ikusgai). Bestetik, Elias Goikouriaren zuzendaritzapean, Suberri akordeoi orkestrak Mozarten "Ave Verum" abestia interpretatzen lagundu zien eta Xabier Lasa Lasarte-Oriako Udal Musika Eskolako eta Kontserbatorioko gitarra irakasleak berriz, The Beatles-en "Yesterday" ezagunari akordeak jarri zizkion.
Hauez gain, Alba Carretero Kontserbatorioko ikasle eta Euskadiko Gazte Orkestrako biolin-jolea eta Amaia Dorronsoro Albokako abeslari eta piano-jole laguntzailea ere alboan izan zituzten emanaldiaren lehen zatian, "Five Hebrew love songs" abestiarekin.
Momentu hunkigarriak amaieran
Kontzertua soilaz haratago, emozio uholdea izan zen atzokoa. Emanaldiaren erdialdean, bi bideo ikusteko aukera izan zuten herritarrek, batetik, Les Garrigues koralak beste hainbat abesbatzekin batera zorionak eman zizkien eta 2007an egindako elkartrukea gogoratu zuten. Beste bideo batean berriz, Albokako kide historikoek abesbatzaren ibilbidearen inguruko errepaso laburra egin eta jada abesbatzan ez daudenak gogoan izan zituzten emozio artean. Kontzertuko azken bi kantuak, Ilunabarra eta "Kantuz" hain zuzen, 25 urte hauetan Albokan kantari ibili diren herritarrekin batera abestu zituzten, aspaldiko lagunekin.
Emanaldiaren amaieran, lore-sorta bana eman zitzaien kontzertuan kolaboratu zutenei eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak oroigarri bat eman zion Iker Olano Albokako presidenteari Josu Elberdin konposatzailearen eskutik. Gainera, 25 urtez albokan kantuan aritu direnei aipamen berezia egin zitzaien eta hauei ere lore-sorta bana oparitu zieten Albokako lagun eta kideek. Kristina Perez Abreu, Mari Carmen Jauregi, Mari Carmen Arratibel, Marian Olaizola, Pepi Aldazabal, Beatriz Unanue, Josean Sagarna (etorri ezin zuela eta Jeronimo Izagirrek jaso zuen) irribarretsu eta pozik zeuden emanaldiaren amaierako argazkia ateratzerako orduan.
