Jarraitu San Pedroak Txintxarrin

Txintxarri Aldizkaria 2013ko ekainaren 26a

Bihar Sorgin Jaikoek emango diote hasiera festari eta honekin batera astelehena bitartean herria festetan murgilduta izango dugu. Txintxarri.info-n San Pedrotako jarraipena egiteaz gain, herrian botako diren hiru txupinak zuzenean ikusteko aukera izango da.

Iaz Jon Altunak aurketu zituen zuzeneko emanaldiak
Iaz egin bezala aurten ere Txintxarri.info-n ikusi ahal izango dira zuzenean herrian festetan botako diren hiru txupinak. Lehenengoa Sorgin Jaikoena izango da bihar 20:00etan. Zuzia botatzeko ardura koadrilek izango dute eta beraiekin hasiko da festa.

Ostiralean berriz, udalaren egitarau ofizialaren baitan, 12:00etan haurren txupinazoa egingo da Udaletxe zaharraren aurrean eta arratsaldean, 19:00etan Okendo plazan eztanda egingo du festak. Honetan pregoia eta zuzia botatzeaz arduratuko dira aurtengo talde omenduak, Beltzak, Solaskideak eta Alboka abesbatzakoak.

Hiru txupinak ikusteko aukera izango dute Lasarte-Oriatik kanpo dauden herritarrek. Edota etxean egon beharra dutenek. Zuzenekoak txupinazoak baino bost minutu lehenago hasiko ditugu eta ostiral arratsaldekoan sorpresak izango dira.

Horretaz gain, egun guzti hauetako jarraipen zehatza egingo da Txintxarri.infon eta jaietarako prestatutako atal berezian, argazki eta bideo galeria osatuak aurkitu ahal izango dituzue baita albisteak ere.

Parte hartu
Txintxarritik hala ere, deialdi bat egin nahi diegu gure irakurle, jarraitzaile eta lagunei. Egun hauetako zuen argazki eta bideoak ongi etorriak izango dira!

Argazkien kasuan Txintxarri.info -tik igo ditzakezue, erabiltzaile kontu bat egin eta nahi bestetan zuen argazkiak gure webgunera igotzeko aukera izango duzue. Hori bai, ez urduritu zuen argazkiak berehala orrian ikusten ez badituzue, Txintxarriko kazetariok baieztatu behar ditugu eta.

Bideoei dagokionean, zuen bideoak youtubera igo eta lotura txintxarri@txintxarri.info helbidera bidaltzearekin nahikoa izango da. Hala ere, erredakziora gerturatuta ere jasoko dira hauek.

Sare sozialetan ere jarraitu ahal izango dituzue festak eta Twitterren #SPJ13 erabiliko dugu. Gogoan izan jaien egitarauak eskuragarri dituzuela ere PDF-an deskargatzeko.

Animatu eta parte hartu Txintxarrin, lasarteoritar guztion aldizkarian!