Zer suposatzen du Alboka Abesbatzarentzat omenduetako bat izatea?
Iker: Ohore bat da guretzat Lasarte-Oriako Udalak gugan pentsatzea.
Eta aurten Alboka Abesbatzaren 25. urteurrena izan duzue...
I.: Bai. Ospakizun urtea dugu. Gainera badaude, aurten abesbatzarekin batera 25 urte egiten dituzten pertsonak ere.
Ezin gara haietaz ahaztu. Haiei esker posible izan da Alboka mantentzea eta den bezala izatea.
Hori ere kontuan izan behar da, Albokak 25 urte egiten ditu eta abesbatzako zazpi bat pertsonek ere.
Nolako izan da urteurren urte hau?
Oihana: Lan handiko urtea izan da.
I.: Urte luzea eta gogorra izan da. Hainbat buruhauste izan ditugu eta moldatu gara. Eta oraindik bukatzeko dago. Kide bezala plazerra da horrelako talde bateko kide izan eta omenduak izatea.
badaude, aurten abesbatzarekin batera 25 urte egiten dituzten pertsonak ere. Ezin gara haietaz ahaztu. Haiei esker posible izan da Alboka mantentzea eta den bezala izatea.
Noiztik zarete Alboka Abesbatzeko kide?
I.: Albokak 25 urte egiten dituen bezala, nik hamar urte egingo ditut abesbatzan.
O.: Alboka Txikin 1992an hasi nintzen, gero Zandategin egin nituen urte batzuk eta Albokara jauzia egin nuen 1996an... zuzendari aldaketa izan zenean, Daniel Adrianek utzi eta Kristina Perez Abreuk zuzendaritza hartu zuenean.
Jon: Ni 1997an pasa nintzen Alboka Txikitik Albokara.
Alboka abesbatzari buruz nola jakin zenuten?
O.: Nik Albokari buruz, senide batengatik jakin nuen. Haurren abesbatza bat egin behar zela esan zidan eta parte hartzera animatu ninduen. Bertan hasi nintzen eta orain arte.
J.: Nire kasuan, ikastolan geundela, musikako klasean Lasarte-Orian haurren abesbatza bat sortu behar zutela esanaz etorri zitzaizkigun. Eta osabak Albokan abesten zuenez, animatu eta lehengo entseguetara joan nintzen. Ordutik hona.
I.: Ni gaurko zuzendaria den Montserekin aurkitu nintzen gau batean eta hitz egiten ginela berak abesbatzan abesten zuela azaldu zidan. Nire amak bere garaian Andra Mari abesbatzan abestu zuen eta beti izan nuen errezelo hori. Orduan nik ez nekien Lasarte-Orian abesbatzik zegoenik eta baneuzkan 27 urte.
Alboka Txiki aipatu duzuela, Alboka harrobia lantzen duen abesbatza dela esan daiteke...
I.: Bai, horrela da, Alboka Txiki garrantzitsua da guretzat. Badakigu zaila dela haurrak Alboka Txikitik Albokara pasatzea. Lehen hamalau, hamasei urtera arte egoten ziren eta orduan ematen zuten pausoa. Gaur zortzi urterekin hasten dira eta hamabi urterekin uzten dute beste ekintza batzuk dituztelako. Hiru edo lau urte horiek egin eta gero zaila da, haurrek etorkizunean Alboka abesbatzan egoteko gogoak mantentzea. Baina horretan saiatzen gara.
Alboka Txikiko abeslariak izan zaretenok, zein oroitzapen dituzue?
O.: Oroitzapen oso politak ditut, pila bat ikasi nuen eta gustura ibili nintzen.
J.: Ni gogoratzen naiz Manuel Lekuona kultur-etxean hasi ginela. Azken pisuan eta gela txiki batean, 30 pertsona sartuta. Ondo pasatzen genuen.
O.: Bai, egia da. Orduan pila bat ginen.
Nahiz eta 1988an Abesbatzako kide ez izan, gogoratzen al duzue zerbait bere sorrerari buruz?
O: Hasierako urteetatik gutxi gogoratzen dut. Baina nire senidea bertan egon zenez, ba esate baterako, nire etxean egin ziren emakumeen trajeak, “lagarterana” deitzen ditugunak. Eta kontzertuetara joan izana ere gogoratzen dut.
J.: Ni gogoratzen naiz, osabak Polonian izan zirenean opari bat ekarri zidala. Alboka Txikin sartu arte ez nuen asko jarraitu abesbatza. Osabak egindako kontzertuak jarraitzen nituen, baina batzuk.
Zaila egin al zitzaizuen Alboka abesbatzaren parte izatea?
I.: Nik nire zalantzak nituen sartu nintzenean, onartua izango nintzen edo ez, nire burua nola ikusiko nukeen bertan. Baina ni oso irekia naizenez erraza egin zitzaidan. Horregatik, oso oroitzapen onak ditut egin ditugun bidaiekin, ezagutu dudan jendearekin, lagunak egin ditut. Nire esperientzia oso ona da. Ez da bakarrik abestea.
J.: Ni hasi nintzenean tenore dezente zeuden eta hamalau urteko gazte bati laguntza eman zioten.
Azkenean Alboka Txikitik pasatzen zara, non ez daukazun partituratik ez ezer, errepikazio bidez ikasten duzula, partitura bat aurrean edukitzera eta azkenean laguntza behar duzu horretara ohitzeko ere.
Baina ni oso gustura izan naiz eduki ditudan abesbatza kideekin. Lagun asko egiten. Beti ere, jendea sartu eta jendea joan... Jende asko ezagutzen eta oso gustura.
O.: Bai, giro oso ona egon da beti. Nik ere lagun asko egin ditut. Urte pila daramatzat eta oso gustura egon naiz bai sopranoekin, bai beste kordetako jendearekin. Alboka adin eta izakera desberdinetako jendea da eta beti egon da lotura bat. Oso zaila da hori hainbeste urtetan mantentzea, baina musikarekin beti errazagoa da. Jonek aipatu duenez, txikitan errepikapen bidez ikasten da eta handitan partiturak erabiltzen dituzue.
Musika ikastea beharrezkoa al da abesteko?
O.: Ez da beharrezkoa. Belarri pixka bat eta gogoa behar dira. Gehienbat ikasteko gogoa.
I.: Nik ez dakit Oihana edo Jonek zerbait bazekiten, baina ni sartu nintzenean ikastolako musika gelan ikasitakoa zen eta geroztik urteak baziren.
J: Txirula jotzeko justu-justu ikasitakoa...
I.: Baina azken finean Oihanak esan duen bezala, belarri ona baldin badaukazu edo gutxienez saiatzen bazara errazago hartzen dituzu gauzak. Hortaz aparte gogoa izatea da batez ere.
O: Gogoa eta interesa azkenean.
I.: Gustuko badituzu musika eta abestea, bestea bakarrik doa.
Bidaiek taldea sortzen dute eta ez da bakarrik abesbatza kideen arteko harremana sendotzen. Beste herraildeeetako jendea ezagutzea aberasgarria da.
Bidaiak eta ekintza desberdinak egiten ditu taldeak ere...
O.: Bai, horrela da. Albokaz aparte txangoak egiten dira. Horiek onak izaten dira gure arteko harremana hobetu edo sendotzeko. Eta noski, afarietan beti ongi pasatzen da.
I.: Horrek taldea sortzen du eta ez da bakarrik abesbatza kideen arteko harremana sendotzen. Beste herraildeeetako jendea ezagutzea aberasgarria da. Nik esate baterako oso gogoan ditut bi bidai, bata sartu eta gutxira egin genuen, Montpelierrera. Niretzat oso esperientzia polita izan zen jende oso jatorra ezagutu nuelako eta oraindik haietako batzuekin oraindik erlazioa mantendu dudalako.
Beste bidai batzuk Candasera joan ginenean edo Norvegiako bidaia dira... Norvegian beste lagun asko egin nituen ea han oso ongi hartu gintuzten. Ikusgarria izan zen bidaia.
Herrian hainbat ekintzetan ere parte hartzen du Albokak...
O.: Bai, gure emanaldi finkoetaz aparte, Albokak ahal duen ekintzetan parte hartzen du, Euskararen Maratoia eta horrelako ekitaldietan. Hori herriarentzat ona da, garrantzitsua ere nire ustez. Herriarentzako kulturalki oso ona da.
I.: Musika eta kultura arloan, mugimedu garrantzitsua dago eta horren parte da Alboka. Udalak edo edozein elkartek zerbait egiteko proposatzen badigu, gu ahal dugun heinean egoten gara hor.
J.: Azkenean hori ere abesbatzari ongi etortzen zaio ezagutzera emateko. Jendea animatzeko abesbatzara etorri edo entseguetara probatzeko... Azkenean gauza horiek guztiak gehigarriak dira.
Eta garrantzitsua da jende berria sartzea...
O.: Bai. Emakumeen kasuan ez dugu arazorik, baina haurrak eta gizonak behar ditugu.
I.: Ni sartu nintzenetik beti ikusten zen mutilen aldetik eskas ginela batzutan eta orain batez ere, falta hori somatzen da. Horregatik deialdi txiki bat egiten diegu herritarrei. Abestea gustuko badute, behintzat.
San Pedro Jaietan ere parte hartzen duzue normalean, aurten ekitaldi gehiagotan egongo zarete...
O.: Bai. Urtero bezala San Pedro eguneko mezan izango gara abesten.
I.: Beste urteetan abesbatzako kideek kantu-jiran parte hartu dute, kontzertu txiki bat ere eskaini dugu... Eta beno, aurten Alboka omendua izango denez, txupinean egongo gara sorpresatxo batekin.
San Pedro egunean Manuel Lekuona kultur-etxean beste bi taldeekin Beltzak eta Solaskideekin batera omenduak izango gara. Hor ere bi edo hiru abesti eskainiko ditugu.
Baina ez duzue ikasturtea amaitu...
I.: Ez, horrela da. Uztailean Comillasera goaz. Hainbeste lan eta gero pixka bat disfrutatzera.
Eta noski abestera, bertan kontzertua eskainiko dugu beste bi abesbatzakin batera. Eta horrela bukatuko dugu ikasturte hau. Eta bi hilabeteko atsedenaldiaren ostean, irailean berriro lanera.
J.: Horrela 50. urteurrenera arte.
O.: Hori da, horrela beste 25 urte. Animoak behintzat baditugu.
I.: Bai, gogoz aurrera jarraitzeko asmoa dugu.

