Beltzak: “Hazten ari gara”

jon-altuna-iza 2013ko eka. 27a, 11:07
Beltzak taldeak duela hiru urte sortu zuen errugbi eskola eta hainbat neska mutil ari da kirol hori praktikatzen. Gero, handiak egin ahala, Zarautz edo Hernaniko taldeetan jokatzen dute. Beltzak taldekoak pozik daude urte hauetan egindako lanarekin eta baita Udalak aurten sanpedrotan egingo dion aitortzarekin. Hori bai, Udalari kirolean inbertitzeko proposatu diote, zuzendaritzako Aitor Uranga eta Manu Pelaezek kontatu digutenez.
Beltzak rugby taldeak, 2009an, 25 urte bete zituenean sortu zen eskolaren hazia. Orduan, kirol honetan aritutako herritarrak elkartu egin ziren, berriro, eta asmo horri heldu zioten. Eskolaren lehen urteetako emaitza ona izan da eta egindako lana aitortu du Udalak.

70 bat neska-mutil ari dira eskolan, dozena bat heldu zuzendaritzan, kadete mailako taldea sortu dute, gaztetxoek Hernani edo Zarautzen jokatzen dute eta senior mailakoek, Zarauzko bigarren taldean, lankidetza akordio bati esker.

Gainera, bi talde horien harreman onari esker, aurten errugbi norgehiagokak ikusiko dira Michelinen. Eskolatik ateratako jokalari batzuek Zarauzko bigarren taldean jokatzen dute eta etxeko partidak Michelinen jokatuko dituzte.

Nola sentitzen zarete omendu izateagatik?
Aitor: Harritu samarrak, egia esan. Ez genuen espero.

Manu: Harrituta, bai. Dena den, horrek gauzak ondo egiten ari garela esan nahi du. Krisi garai latzak dira, eta guk euro bat eskatu gabe, musu truk, egiten dugu lan. Hori aitortzeko modukoa da. Pozik gaude. Hori bai, eskola osoarentzat da saria.

Harritutagaude omenaldiarekin, ez genuen espero. Dena den, horrek gauzak ondo egiten ari garela esan nahi du



Zer begiratu da Beltzak-en historia ala azken urteotako lana?
M: Nik uste azken urteotako lana eduki dutela kontuan.

A: Beltzak talde amateurra izan da, lagunartekoa. Lagun koadrila bat izan gara. Jesus entrenatzaileak lan handia egin zuen zenbait herritan, ez bakarrik, Lasarte-Orian. Bere diruarekin nazioarteko lehiaketetara eramaten gintuen... Eta hura gogoratuz, erabaki genuen eskola sortzea eta berriro horretan hastea: “Zergatik ez diegu erakutsiko herriko neska-mutilei? Zergatik ez eman aukerarik? Ondo pasa eta ezagutu dezatela kirol hau”.

A: Nik uste hori izan dutela kontuan. Hezkuntzari eman diogun garrantzia. Ez da bakarrik kirola.

M: Hori da, kirolaren bidez hezi egin nahi dugu.

Zer egin da konkretuki azken urteotan?
M: Gure helburu nagusia eskola sortzea izan da. Errugbia eskola mailan lantzen saiatu gara kirola utzita genuen beteranoak. Jada, kadete mailako taldea daukagu, aurrera urrats batzuk eman ditugu, baina garrantzitsuena ez da talde seniorra eta maila bakoitzean taldea izatea, hori ez da funtsezkoa. Egunen batean heltzen bada helduko da, baina ez da gure helmuga.

Gure nahia, eskolan lan egitea da, 7-8 urteko haurrekin hasi eta gaztetxoen mailara arte, gero, jokalariei irtenbidea emateko, beste klub batzuekin lankidetza akordioen bidez.

Joan nahi duenarentzat ateak beti ditugu zabalik. Gerta daiteke aita Hernaniko jokalari ohia izatea eta ez dugu eragozpenik jarriko: joan nahi badute joan daitezela.

A: Joateko aukera badute, ez dago arazorik, horretarako ari gara lanean. Jolasaren eta kirolaren bidez, bizitza, besteekiko errespetua edota lanean konpromezua zer diren erakustea da Eskolaren helburua. Gero, etorriko dira klub ezberdinak gure jokalari onen bila.

M: Nahi duen tokian jokatzeko erraztasunak ematen diegu jokalariei. Lankidetza akordioa daukagu Zarauzko taldearekin eta harreman oso onak ditugu Hernanikoarekin eta, oro har, Gipuzkoako talde guztiekin. Hurbil dauzkagu Hernani eta At. San Sebastian. Norbaitek beste talde batean jokatu nahi badu, gu pozik.

Guk dakiguna erakutsi diegu, ahal genuen mailaraino, eta harro gaude horrekin. Ederra litzateke gurekin hasitako haurrak elitean jokatzea...

Lehen mailan ari dira jokatzen lasarteoriatarrak Hernanirekin, ez bait dago hemen talderik, noski. Guk ere jokatu genuen kanpoan.

Errugbia berriro presente dago Lasarte-Orian?
M: Bai, nik uste oso errotuta dagoela.

A: Utzita zegoen arren, azken urteotan jende askori ezagutarazi diogu eta bere interesa erakutsi digute. Futbola ikusten ohituta zeudenak Michelin-en jokatu diren hiruzpalau partida ikusi eta aitortu dute polita dela edo maila oneko jokalariak direla. Eta hori arauak ondo ezagutu gabe.

M: Hurrengo denboraldiari begira, badugu partidak ekartzeko asmoa, hau da, ez dugu senior talderik, baina eskolatik atera diren zenbait jokalarik Zarautzen jokatzen dute, hango klubari ondo iruditu zaio eta Zarauzko bigarren taldeak ligaxkako partidak hemen jokatuko ditu.

Zenbat lagun dabiltza Lasarte-Oriako errugbi eskolan?
M: 70 bat jokalari inguru izango dira. Kopurua aldakorra da. Eta zuzendaritzan, dozena bat lagun. Gainera, errugbi beteranoak talde handia osatzen dugu, laurogei bat lagun gara.

Jarraitzen duzue afari eta irteerak egiten?
A: Bai, noski, hori derrigorrezkoa da errugbian.

M: Ez lehen bezain beste, baina, batzuk egiten ditugu.

A: Krisiak gu ere harrapatu gaitu, baina bi urtean behin atzerrira irteeraren bat antolatzeko ohitura dugu, Sei Nazioen arteko norgehiagokaren bat ikusteko Europako hiriren batean. Oso ondo pasa dugu, Parisen duela bi urte, eta aurretik Edinburgon, Erroman...

A: Aurten test-match partiduak jokatuko dira Sei Nazioetako taldeen eta Argentinaren artean Ingalaterran, ea posible dugun irteera antolatzea.

Kirol bat baino gehiago da orain errugbia zuen bizitzan?
M: Harra sartu zigun pertsona honek, aipatu dugun gure entrenatzaileak, erakutsi zigun dena ez dela jokoa, hau da, ez diogula hainbesteko garrantzia eman behar. Eskola mailan eta baita askotan federatu mailan ere, emaitzek ez dute guretzat batere garrantzirik, heziketa da garrantzitsua: beste kirol batzuetara lotu ezin ziren haurrak etorri dira errugbira eta ikasi dute kirol honetan diziplinak duen garrantzia.

A: Nik lagunari errespetua zor zaiola esan, errespetua zer den azaldu eta oso ondo onartu dute. Haur zailak eta liskartsuak zirela esan bazidaten ere, ez ziren horrelakoak. Bihurri samarrak, agian, bai; baina besterik ez; haurrak dira eta bihurrikeriaren bat egin behar dute.

M: Hori bideratu daiteke. Errugbia, kontaktu kirola da, eta hori behar dute askok.

Bestalde, asko begiratzen diegu haurren eskolako notei. Sarri galdetzen diegu zer moduz dabiltzan. Guraso ala irakasle ez bagara ere, gainean egoten gara, badakigu zeintzuk ez dabiltzan ondo. Ikasi behar badute ez daitezela entrenatzera etorri. Zalantzarik gabe.

Bitxia da, baina gurasoek ez dituzte zigortzen errugbi gabe. Alderantziz: normalean haurrak berak erabakitzen du ez joatea, ikasi egin behar duelako. Hori da gure nahia. Ez dago zigortu beharrik, haurrak ikusiko du ikasi behar badu ez duela entrenatzera joaterik. Ez da ezer gertatzen.

Beltzak talde irekia da, ezta?
A: Bai, noski. Zenbat eta gehiago etorri, hobe. Gu pozik.

Zer moduz Ostadarren?
A: Ondo, harreman ona dugu.

M: Ostadar-en zuzendaritza berritu egin da gainera. Egitura berria du, sail bakoitzeko ordezkari bat dago orain. Halaber, sail bakoitza erabat independentea da; Ostadarren barruan gaude, noski, baina, gure kasa funtzionatzen dugu, askatasun osoa daukagu eta eskertzekoa da hori gainera. Gu euren baitan hartu gaituzte eta babesa eman.

A: Eta zenbat eta arazo gutxiago eman, hobe da gainera. Ez gara karga izango.

M: Udal mailan ere ez. Ez dugu diru laguntzarik eskatzen, ez dugu begiratu ere egin. Ez ditugu nahi. Gure kasa konpontzen gara egiten dugun apurrarekin. Iristen garen lekura iritsiko gara, baina geure ahaleginari esker.Egia esan, hasi ginenetik harrera oso ona eduki dugu.

A: Oro har gurasoek ez dute gure kirola ezagutzen, bortitz samarra dela ikusten dute, eta beldurtu egiten dira, baina haurren artean ez da horrelakorik. Partida guztietan banatzen dugu errugbiaren filosofia azaltzen duen orri bat.

Zer egingo duzue Sanpedrotan?
M: Eskolako haurrei eman nahi diegu protagonismoa, azken finean eurak dira saria merezi dutenak. Guk gure esperientzia eta bitartekoak jarri ditugu, baina besterik ez. Haurren txupin jaurtiketan, eguerdiko 12:00etan txikienak igoko dira balkoira eta arratsaldekoan, nagusiagoak. Manuel Lekuona kultur-etxeko aitorpen ekitaldira helduenak joango gara.

Eta, zuek, egiten al duzue parrandarik jaietan?
A: Zerbait egingo dugu. Beti bezala. Zahartzen hasiak gaude, baina...
M: Beteranook, ez dugu ezer berezirik prestatu. San Pedro egunean, Manuel Lekuonan 13:00etan egingo den ekitaldira joango gara, eta agian gau horretan egingo dugu, ikusiko da, momentuan erabakiko dugu, ez gaude trote handietarako eta beste eginbeharrak ere ditugu...

Zelai onik ez dago, eta zorte handia dugu herri honetan, baldintza egokia duen zelairik gabe, herritarrek kirola egiten dutelako.



Besterik esan nahi baduzue...
M: Gaur egun ikusten ari garena aipatu nahi nuke. Musu truk egiten dugu lan, borondatez, haurrek ez dute ezer ordaindu behar, kontrakoa, kamisetak eta abar ematen dizkiegu. Gure filosofiaren barruan dago, kirolariek ez dezatela txanpon bat ere jarri eta horretan saiatzen gara. Horregatik eskatzen diegu Kirol zerbitzukoei eskuzabaltasuna. Orain artean arauei eman zaie lehentasuna, eta badakigu araudiak hor daudela guztion segurtasuna ziurtatzeko, baina tartean pertsona arduratsuak daudenean, malgutasuna eskatzen dugu ez daitezela arauekin hain zorrotzak izan.

Pablo Barrio alkateari eta Taxio Arrizabalaga kirol arduradunari jakinarazi diogu, eta datorren urtetik aurrera gauzak aldatuko direla uste dugu. Argi dugu, bestalde, kirol arloan inbertitu beharra dagoela.
Zelai onik ez dago, eta zorte handia dugu herri honetan, baldintza egokia duen zelairik gabe, herritarrek kirola egiten dutelako. Egia da, zelaia berritu dela eta rugbian aritzeko makilak jarri dituztela, baina, oro har begiratuta, laster ez da denok entrenatzeko tokirik izango. Gu hazten ari gara, eta txikia geratu da. Badakigu egun ez dagoela dirurik ezertarako, baina kirolean inbertitzea beharrezko jotzen dugu.

Ez al da arraroa zelai artifizialean jokatzea?
A: Leku askotan jartzen ari dira. Arrasaten aspalditik daukate errugbi zelai artifiziala. Ordiziak ohorezko mailan jokatzen du artifizialean. Lehen Michelin futbol taldeak soilik jokatzen zuenean, oso ondo zaintzen zuten, baina gaur egun, talde askok erabiltzen du txandaka eta oso zaila da zelaia zaintzea, munduko lorazain onena izanda ere, ez dago zer eginik. Ez zuen irauterik eta artifiziala jarri beste konponbiderik ez zegoen.

M: Denbora gutxian, herriko kirolaren egitura eta antolaketa aldatu beharko dute. Ez da go tokirik eta konponbidea bilatu beharko dute. Eta hau, ez da zoritxarra, onura baizik. Haurrek kirola egin nahi baldin badute, bitartekoak eman beharko zaizkie, eta kirolean inbertitu, zailtasunak daudela badakigun arren. Hori da etorkizuna.

Zer nahi dugu? Haurrak kirolean aritu baino beste nonbaiten egotea?