“Gurea ez da adin batera mugatzen”

jon-altuna-iza 2013ko eka. 27a, 11:21
Duela 20 urte Ainhoa Gozategirekin hirukote gisa hasi zirenetik elkarrekin jarraitzen dute Asier Gozategi oriotarrak eta Iñigo Goikoetxea urdiaindarrak. 20 urtean taldeak eta bere musikak aldaketa asko ezagutu baditu ere, oraindik arrakasta daukate hasierako abestiek eta berriro joko dituzte San Pedro bezperan Okendo plazan. Gutxi gorabehera bi orduko emanaldian abesti guztiak beraienak izango dira. Asier Gozategik eman digu taldearen egoeraren berri.
Asier eta Ainhoa Gozategi anai-arrebak, trikitixa eta panderoa jotzen zuten hasieran Orio inguruko auzoetan. Gero Iñigo Goikoetxea baxu-jole urdiaindarrarekin elkartu eta trikiti taldeen arrakastaren partaide izan ziren.
20 urte ondoren, oholtzaren gainean jarraitzen du Asier Gozategik.

Orduan baino lasaiago dabil Gozategi taldea orain, baina, oholtza gainean jarraitzen du seikote bihurtuta: Imanol Goikoetxea Iñigoren anaiak jotzen du gitarra, David Gorospe zarauztarrak bateria, Joseba Aparicio eta Iñigo Prona oriotarrek tronpeta.

“Hasi ginenean ez zen horrelako talderik, trikitixa tradizionala baizik, Gozategi anai arrebak txapelketetan egin ginen ezagun eta biok jotzen genuen: auzoko festetan, erromeriatan, afarietan, agurretan eta abar. Gainera, Sakanan, Arbizun, soinu klaseak ematen nituen, han Urdiaingo Iñigo Goikoetxea baxu-jole nafarra ezagutu, erromeriak egiten hasi, 1994an maketa grabatu eta 1995ean aurreneko diskoa atera genuen geure musikarekin. Hirukote gisa hasi ginenetik elkarrekin jarraitzen dugu Iñigo eta biok” gogora ekarri du Asier Gozategik.

Sei zarete taldean orain?
Arrebak 2006an utzi zuen, bosgarren diskoa atera genuenean, nahikoa lan bazuen eta hiru seme-alabekin... David Gorospe bateria-jole zarauztarrak, Iñigok, honen anai anai Imanol gitarra-joleak eta nik, laurok jarraitu genuen; orain dela hiru urtez geroztik, 2010etik, bi tronpeta sartu ditugu taldean eta sei gara. Indar gehiago ematen dio taldeari.

“Bizi-bizirik” seigarren diskoaren grabaketarako erabili genituen tronpetak, ez genekien kontzertuetan erabiliko genituen, baina lehen kontzertutik gurekin daude bi tronpeta-jole oriotarrak. Eroso sentitu gara: Gozategik Gozategi izaten jarraitzen du, baina indar gehiagorekin.

Alaitz eta Maider, Maixa eta Itziar, ezagunenak aipatzearren, erretiratzen joan dira. Zein da zuek irauteko sekretua?
Etzakit-ekin batera, lau talde, eta denak lagunak ginen. Lehenengo diskoa atera genuenean “triki”ak boom-a izan zuen. Ordura arte trikitixa bikoteak auzoetan jotzen zuten, zaharren kontua zela uste zen, baina talde onak ziren eta oso ondo funtzionatu zuten...

Dena den, bizitza ez da musika bakarrik. Batzuek luzaro jarraituko lukete honetan, baina bizimodua aurrera ateratzeko, honekin bakarrik ezin duzu.

Gure sekretua, momentuan momentuko erabakiak izan dira. Erromeria bakoitzera errespetuarekin joan gara, buruan hori argi edukita. Askok uste dute festarik festa ibiltzen garela, baina lanean ari gara. Ikusten genituen beste talde batzuek, zoriontsuagoak zirela, joan parrandan gelditu eta ondo pasatzen zuten, baina horrek bide laburra izan du. Uda bat edo bi pasa eta taldea desegiten zen. Lanari errespetuak lagundu digu guri 20 urtetan jarraitzeko.

“Gozategi 1992-2012 All Stars” bilduma, 20 urteko ibilbidearen errepasoa, atera zenuten iaz,...
Gure buruari egindako omenaldia izan zen. Ohore bat da guretzat abestiak hainbeste entzutea, oraindik tabernetan jartzea eta jendeak ezagutzea. 13 aukeratu genituen eta eguneratu. Kantuak aldatu dira, baina ez asko.

Horrelako bizimoduak nekatu ere egingo du?
Gu, gehiena, arrakasta handiena izan genuen urteetan nekatu ginen. Laburpen bat eginez, konturatzen gara, ez genuela dastatu edo gozatu behar den bezala egindako dena. Zenbat lekutan jo genuen! Harrituta geratzen gara: Argentinan izan ginen hiru aldiz, Uruguaien, Belgikan, Finlandian, Madrilen, Bartzelonan, Galizian, eta beste hainbat tokitan. Urte gutxitan hainbat saio egin genituen. Dena den, guretzat erosoenak azken hiruzpalau urte hauek izan dira. Orain ari gara saio bakoitzean gozatzen.

Bestalde, Ainhoarekin Iñigo, eta biok hasi ginenean, lehen diskoa atera genuenean, 23 urte geneuzkan eta ingurukoak, musikari, teknikari eta beste, gu baino helduagoak ziren. Orain guk hor jarraitzen dugu, baina ingurukoak gazteagoak dira.

Gogoz jotzen al duzue oraindik?
Gazteak inguruan izateak indar gehiago ematen dizu.

Gaztetua sentitzen al zara?

Gure ibilbidearen laburpen bat, kantarik ezagunenak. Azken urteotako diskoetako kanta berriak eta hasierako zaharren nahasketa bat.


20 urte egin ditugu, baina gu berdin sentitzen gara. Eskenatokian zaudenean berdina sentitzen duzu. Hasi ginenean lehen lerroetan 16 urtetik 20-25 urtera artekoak izaten ziren, eta orain ere jarraitzen dute adin horretakoak izaten. “Nire aita eta ama zuen abestiarekin ezagutu ziren” esanaz etortzen dira batzuk. Istorio politak dira, baina, horrek zure tokian jartzen zaitu.

Zein eratako kontzertuak egiten dituzue?
Hasieran erromeria egiten genuen norbaitek bukatzeko esaten zigun arte. Taldearekin hasi ginenean lau orduko emanaldiak egiten genituen, atseden bat edo besterekin. Gero hiru ordura jaitsi ginen eta azken dozena erdi urtean bi orduko emanaldiak egiten ditugu.

Zer eskainiko duzue sanpedrotan?
Gure ibilbidearen laburpen bat, kantarik ezagunenak. Azken urteotako diskoetako kanta berriak eta hasierako zaharren nahasketa bat.

Jotzen dituzuen abesti denak al dira zuenak?
Hirukote gisa hasi ginenean bertsioak egiten genituen eta oso gustura gainera. Gaur egun ere joko nituzke beste taldeen abestiak. Adibidez, “Itziarren Semea” edo beste edozein abesti ezagun... Hori ez da maila gutxiago izatea, ezta pentsatu ere. Fran Iturbe gure lehen hiru diskoetako produktore bergararrak esaten zigun gure abestiekin erromeria egitea lortu behar genuela; hori garai hartan pentsaezina zen, baina gerora lortu genuen eta harro gaude. Hasieran emanaldia osatzeko beste abestiak jotzen genituen, eta, orain, jada, gure abestietako batzuk kanpoan utzi behar ditugu.

Aspaldian jo al duzue Lasarte-Orian?
David Gorospe, Imanol eta Iñigo Goikoetxea, Asier Gozategi, Joseba Aparicio eta Iñigo Perona, Gozategiko partaideak.

20 bat urte izango dira azken aldiz jo genuenetik, txosnak Hipodromo kalean jartzen zirenean. Zubietako festetan jo dugu azken bi urteotan; iaz, Añorgan... Eta hirukotea ginela, uste dut, Zabaleta auzoan izan ginela.

Gaztetxoekin batera, helduak ere joaten al dira erromerietara?
Belaunaldi ezberdinak elkartzen dira toki askotan. Duela gutxi, Oñatiko gaztelekuan inguruko herrietatik joandako gazte pila bat izan zen; bukatu genuenean goiko pisutik igogailuan jaitsi ziren ia 80 urteko dozena erdi aiton-amona, “lotsa” ematen ziela esanaz. Lotsa? Bai, zera. Hori oso polita da. Adin horietako jendea Gaztelekuan!... Gu beti harro sentitu izan gara gure musika entzuten mahai batean aiton-amonak bilobekin elkartu daitezkeelako. Gurea ez da adin jakin batetara mugatzen.

Musikatik bizi al daiteke?
Arrakasta daukazun garaian, epe labur batean, bai. Hala ere, zuzeneko saioekin soilik ez, gero aparte klaseak eman edo beste eginez osatu beharra daukazu.

Klaseak ematen segitzen al duzu?
Utzi nion. Arreba eta biok ostatua ireki genuen Orion eta horrekin osatzen dugu. Ez dakizu bost, hamar edo hogei urtera eskenatokian egongo zaren edota horretarako indarrik izango duzun.

Harro sentitu izan gara gure musika entzuten mahai batean aiton-amonak bilobekin elkartu daitezkeelako. Gurea ez da adin jakin batetara mugatzen


Gaur egun disko asko ez da saltzen, kontzertu edota erromerietatik atera behar etekina...
Guk diskoak ez ditugunez aberasteko ideiarekin egin, guri berdin zaigu. Baina babesten gaituen diskoetxearentzat garrantzitsua da hori. Gauzak asko aldatu dira lehen diskoa grabatu genuenetik. Diskoetxeak indar guztia jarri eta etekina atera nahi dio euskarri fisikoari. Gaur egun, diskoetxeak zaila daukate, ordea, talde berri baten alde apustu egiteko. Sarri, taldeari auto produzitzeko eskatzen diote, gero eurek promozioa egin eta disko batzuk erosi.

Gainera lehen gastatzen zen beste diru ez dute gastatzen eta ondorioz, ez ditugu lehengo baldintzak: Lehen hilabetea edo hiru aste geneuzkan diskoa grabatzeko; gaur egun, zazpi egun ematen dizkizue eta zazpi egunetan grabatu behar da. Beraz, kalitatea ere nabarituko da.

Zein iritzi duzu internet bidez musika zabaltzeari buruz?
Hori ondo dago musikaren zabalkundeari begira, diskoetxeei astindu handia eman badio ere. Tomate, letxuga edota eguneroko ogia internetetik doan jaistea balego, ez ginateke dendara joango. Formularen bat bilatu behar dute. Nire ustez eskuak harrapatu dituzte. Alde horretatik alukeria da.

Oraindik asko entzuten dira, txosnetan, tabernetan, festetan... garai bateko taldeen abestiak. Zuenak ere bai, esaterako “Nor nori nork”...

Poz handia ematen du horrek. Gaur bertan, hona nentorrela, irratian eguraldi txarrari buruz ari ziren, eta aipatu dute, euriari buruzko abestiak tristeak direla, baina badela kanta alairik eta Gozategiren “Egunon” jarri dute, 1999an grabatutakoa!. Jon Maiaren letra dauka, “egunon, hau egun ederra, euria ari du, baina ederra da”. Poza ematen du.

“Nor nori nork”, lehenengo aldiz Zubietan jo genuen maketa grabatu aurretik, eta behin maketa grabatu eta gero Bergarako Polpol tabernan izan zuen arrakasta: helikoptero bat marraztu eta paretan jarri zuten. Orain, ertzainek helikopteroa salgai jarri dutela ikusi dut telebistan eta agian beste abesti bat egin beharko genieke.

Zein da zuk gustukoen duzun abestia?
Bat baino gehiago dira, baina nik uste guri aditzera gehiena eman diguna eta ate gehien zabaldu dizkiguna “Emoiztazuz musutxuek” izan dela. “Nork nori nork” bera ere bai, batez ere, Gipuzkoan.

Jon Maia izan zen zuen letragile, ondo aukeratu zenuten, ezta?
Bai, aurreneko lau diskoetan bera aritu zen. Lagunak gara. Gasteizen klaseak ematen nituen orduan, bera ere han ari zen ikasten bolada hartan eta abestiak egiteko elkartzen ginen. Makina bat da.