Solaskideak: “Euskaraz bizitzeko lehen urratsa da solaskide”

maider-azurmendi 2013ko ekainaren 27a

Guztira 120 lagun dira egun Ttakunek kudeatzen duen Solaskide programaren baitan. Hauen artean euskaldun berriak eta zaharrak daude. Udalak solaskide guztiak omentzea erabaki du San Pedro jai hauetan "benetako esfortzua eta konpromezua solaskideena da. Euskaraz mintzo bai, baina hizkuntza bera erabiltzeko testuinguru egokirik eduki ez arren, hau sortu, bilatu, garatzeko lana egiten ari diren guzti horientzat da omenaldi hau".

Ezkerretik, Kandi Sanchez, Ainhoa Oiartzabal, Juan Segurola, Gerardo Zarzuelo, Ilu Amundarain solaskideak eta Junkal Perez egitasmoaren arduraduna Ttakunen.
Ainhoa Oiartzabal, Juan Segurola, Kandi Sanchez eta Gerardo Zarzuelo dira egun Solaskiden parte hartzen duten 120 herritar horien adierazle. Ainhoa eta Juan euskaldun zaharrak dira, euskaldun berrien bidelagun. Kandi eta Gerardo berriz, euskaldun berriak.

Junkal Perez da Ttakun kultur elkartearen baitan egitasmoaz arduratzen dena eta berarentzat txalogarria da solaskide guztiek astero-astero egiten duten ahalegina. Oso talde jatorrak izateaz gain, “elkarteak herrian antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko ere beti prest izaten dira eta hori eskertzekoa da”. Junkalek argi dauka, omenaldia merezi dute bidelagun eta solaskideek maila berean.

Noiztik zarete solaskide? Zenbat lagun elkartzen zarete mintzapraktika egiteko?
Juan Segurola: Ez dut ondo gogoratzen, ez dakit lehenengo taldea izango zen baina etxean bilatzen hasita, 1997. urteko zerrenda bat gordeta daukat oraindik.

Gogoratzen dut Iñaki Arruti udaleko euskara teknikaria zebilela euskaldun zaharren bila eta programaren inguruan berak hitz egin zidan. Animatu nintzen taldetxo bat hartzea eta geroztik jarraitzen dut, 15-16 urte izango dira beraz.

Nire kasuan momentu honetan 6 lagun elkartzen gara, bi euskaldun zahar eta lau berri. Lagun koadrilan elkartzea bezala da. Urte hauetan guztietan noski, beti joan da jendea aldatzen, berriak sartzen, baina oinarria mantendu egin da.

Ainhoa Oiartzabal: Nire kasuan bi urte izango dira hasi nintzela. Ttakuneko Junkalek komentatu zidan euskaldun zaharren beharra zutela.

Euskara ikasten ari direnek laguntza behar badute eta nire esku zerbait egitea zegoela ikusita, animatu egin nintzen. Niretzako euskara altxor bat da eta hizkuntzaren alde zerbait egin ahal izateak benetan merezi duela uste dut.

Kandi Sanchez: Euskaltegian izan nuen Solaskide egitasmoaren berri eta Ainhoarekin hasi nintzen duela bi urte.

Euskaraz hitz egitea kostatzen zitzaidala ikusita, lotsa eta segurtasun falta hori edo kendu nahi nuen.
Pixkanaka noa baina oso pozik nago urrats hau eman izanaz. Orain lagun berriak egin ditut, dantza euskaraz egiten dut eta nire inguruan euskaraz hitz egiten dudan jendea daukat.

Gerardo Zarzuelo: Bost urte izango dira hasi nintzela Solaskiden. Txintxarrin ikusi nuen ikasturte hasieran taldeak osatzen ari zirela eta izena ematera animatu nintzen.

Nire kasuan, konturatu nintzen geroz eta gutxiago erabiltzen nuela euskara eta ikasitakoa ere galtzen ari nintzela nolabait. Horri irtenbide bilatu behar niola argi neukan eta Solaskide aproposa izan zitekeela pentsatu nuen. Egia esan, hala izan zen.

Lehen saioa gaindituta, lagun koadrillarekin elkartzea bezala da, oso gustora aritzen gara



Zer suposatu du solaskide izatea zuentzat?
Kandi: Hasieran pixkat urduri hasi nintzen baina gero konfiantzarekin primerako esperientzia da.
Taldean erraza da beldurra galtzea eta oso gustora nabil. Ez dakit beldurra den baina euskaltegiko azterketan ahozkoan, trabatu egiten naiz eta solaskide-n berriz ez, konfiantza daukat... oraindik pixkat falta zait guztiz askatu eta lasai hitz egiteko.

Gerardo: Solaskiden parte hartzea lagun gehiago egitea ekarri dit, eta lagun hauekin hasieratik euskaraz hitz egitea. Lagunak, harremanak zabaldu ditudan neurrian, euskararen erabilera handitzen joan naiz eta segurtasuna hartzen joan naizenez, euskara beste esparru batzuetan ere erabiltzen dut.

Juan: Urtea amaitzerako lagun artean biltzen garela esan daiteke. Guretzako solaskide izateko tartea aurkitzea da. Jendea lasai etortzea eta gustura pasatzea gurekin ematen duen denbora.

Ainhoa: Niretzako esfortzua beraiek egiten dute, guretzat lagun batzuekin biltzeko tartea aurkitzea da.

Hizkuntza bat baino gehiago da orain euskara zuen bizitzan?
Juan: Taldeko norbait kalean topatuta euskaraz hitz egitea ateratzen zaie eta saretxo hori sortzen laguntzen dugu guk bidelagunok.

Oso ekintza interesgarria da Solaskide, dinamikoa, erraza, beste errealitate bat ezagutzea dakar. Kanpotik agian arraro ikus daiteke ezezagun batekin elkartzea astero hitz egiteko, baina modu naturalean eratzen dira harremanak.

Gerardo: Esan bezala harreman berriak ditut euskarari esker eta euskaraz. Solaskiden egonda animatu ninduten ere antzerkia egitera eta hirugarren urtea da euskaraz antzerkia egiten dudala.
Oso pozik nago ekintza ezberdinak egiteko aukera ere eman didalako solaskide izateak.

Kandi: Hasieran, lehenengo saioan oso urduri etorri nintzen baina konfiantza hartzen zoazen neurrian, primerako esperientzia da.

Euskaltegian nago eta hitz egitea gutxiago kostatzen zait orain, nire helburua hasi nintzenetik alabekin euskaraz mintzatu ahal izatea izan da. Erraz galdu diot beldurra eta geroz eta jende gehiagorekin hitz egiten dut euskaraz.

Euskaldun giroan sartzea niretzako funtsezkoa izan da. Dantza egiten dut, orain beste gune batzuk ditut eta nik ere lagun euskaldun gehiago ditut.

Orain arte euskaltegitik atera eta nolabait hor mozten zen harremana hizkuntzarekin, handik atera eta euskaraz egiteko aukerarik ez neukalako.

Solaskide programak berak merezi du. Oso dinamika erraza da eta beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematen du



Berezia al da zuentzat udalak egiten dizuen aitorpen hau?
Gerardo: Omenaldiaren harira pozik nago baina nire ustez esfortzu gehien egiten duena Ttakun da. Elkarteak sortu du sare hau eta honen baitan gaude gu solaskideok, horren parte gara.
Benetan elkarteak egiten duen lana azpimarratu nahi nuke nik omenaldi honen baitan. Asko dira sustatzen dituen ekintzak eta guzti horietan parte izateko aukera ematen digu aipatutako gure lagun sarea handitzeko parada emanez.

Ainhoa: Niretzako satisfazio handia da nire solaskideen aurrerapenak astetik astera ikustea, pauso handiak eman dituzte.
Horretaz gain, saltsa guztietan sartzen dira eta oso prest daude gauza berriak ezagutzeko, hauetan parte hartzeko...

Horregatik ere omenaldiaren protagonistak beraiek direla uste dut. Esfortzu handia egiten dute, benetan euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dutenak beraiek dira. Gurea, lehen esan bezala ez zait aparteko lana iruditzen.

Juan: Udalak erabaki du onarpen publiko hau egitea eta ondo ikusten dut. Taldeari aitorpena egitea ona da baina pertsonalki, ez dut behar. Nik gustura, erraz egiten dut... Solaskide programak berak merezi du. Oso dinamika erraza da eta beste errealitate bat ezagutzeko aukera ematen du.

Kandi: Ni pozik nago omenaldiagatik. Niretzako solaskide izatea gauza polita da eta horrela hartzen dut ere omenaldia, ez nik pertsonalki merezi dudalako baizik eta jende askok parte hartzen duelako herrian.

Nik euskaltegian ezagutu nuen egitasmoa eta agian omenaldi honekin jende gehiagok izango du honen berri. Oraindik badira euskara politikarekin lotzen dutenak eta mamu horiek baztertu behar dira.

Hitz onak besterik ez dituzue Solaskiderentzat...
Kandi: Bai hala delako. Aipatu bezala honen parte izatea guretzat oso ona, baikorra izan da, asko lagundu digu. Euskaraz hobeto hitz egiten ikasteaz gain, lagun euskaldunak edukitzeko aukera eman digulako.

Horretaz gain, Ttakunek antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko aukera dugu eta besteak beste taloak egiten ere ikasi dut San Tomasetan. Duela urte batzuk hau niretzako pentsaezina zen.

Baina Solaskideentzat ere egiten dira ekintzak...
Gerardo: Bai esan bezala guretzat ere afariak antolatzen dira eta dinamika ezberdinak egiten ditugu ikasturtean zehar. Horrek gure artean lagunak egitea ahalbidetzen digu eta oso giro polita daukagula esango nuke.

Nik behintzat gomendatzen dudan esperientzia da eta uste dut, bai euskaldun berrientzat baita zaharrentzat ere, aberasgarria dela.

Kandi: Azkenean euskararen inguruan elkartzen gara jende pila bat. Herritar asko gara programa honetan parte hartzen eta ekintza polita den neurrian, nik ere noski gomendatzen diet ni bezalako euskara ikasleei honetan parte hartzera.

Oso ondo pasatzen dugu eta denetatik egiteko aukera dugu. Euskaraz bizitzeko lehenengo pausoa da Solaskide ni bezalako herritar askorentzat.

Solaskideek talde dinamika eta joko ezberdinak egiten dituzte ere ikasturtean zehar.