Aitzinako San Pedro jaiak

Nerea Eizagirre 2013ko ekainaren 27a

Lasarte-Oriako San Pedro jaiak garaian garai ekitaldi desberdinak izan dituzte. Ikerketa lan txikia egin dugu, Lasarte-Oriako Udalak argitaraturako hainbat liburu,“Lasarte-Oria aldizkarian” hainbat herritarrek idatzitako artikuluak eta Lasarte-Oriako El Diario-ko berriemaile izandako Jexux Mari Egizabalen laguntzarekin eta 20ko eta 70ko hamarkaden artean Lasarte-Orian jaietan izandako ekintza edo bitxikeriak aurkeztuko dizkizuegu.

Batelen txapelketa egiten zen Oria ibaian, Kontxarako prestaketa izaten zen. Arg.: T. Fernandez

Lasarte-Oria herri gaztea da, baina historia luzekoa. Mendeak dira gure herrian San Pedro jaiak ospatzen direla, hainbat ekintza mantendu dira, meza, pilota partidak, herri-kirolak baina badira beste batzuk herritar batzuen oroitzapenean bakarrik edo liburuetan mantentzen direnak. Horregatik, San Pedro jaietan gure arbasoek zer egiten zuten jakin nahi izan dugu.

Atzera begirada honetan, lehen geldialdia, 1920ko hamarkadakoa da.

Oria auzoko bizitzari buruzko aurkitutako artikulu edo aipamenak. Hain zuzen ere, Oria auzoko Unión Recreativa tadeak 1920k antolatutako egitaraua aurkitu dugu.

Jaiei hasiera emateko suziriak, bonbak eta danborileroak zeuden. Plazan bandak eta akordeoi joleek dantzaldia girotzen zuten.

Eta kirol zaleek hainbat ekintzaz gozatzeko aukera zuten.

Esate baterako, gaur egungo Kross herrikoiaren aitzindarietako bat aurki dezakegu, 6 kilometrotako “Cross country” proba, baita atletismo txapelketa bat ere. Honetan 100 m. lasterketa, 500 m. hesi-lasterketa eta 2.500 metroko lasterketa egiten zituzten.

Haurrek ere ederki gozatzeko ekintzak zituzten, hala nola, jokoak, zaku-lasterketa, zintak hartzea edo umeentzako lasterketa.

Honetaz gain, Brunet familiak zuen garrantzia ere nabari da hainbat irakurketetan.

Adibidez, piragua txapelketa egiten zen Oria ibaian eta piraguak Brunet familiak utzitakoak ziren.
Garai bereko aipuetan ere, Lasarte-ko eremuan San Pedro egunean txistulariak eta dultzaineroekin kale-jira egiten zela jasotzen da.
Lasarte-Orian zegoen errondailak kaleak girotzen zituen. Arg.: T. Fernandez

Meza nagusia izaten zen parrokian eta Hernani eta Urnietako udal zein eliza-ordezkariak etortzen ziren.

Hau amaitzean herri kirolak, aizkolariak, harri-jasotzaileak, pilota partidak... denetarik egoten zen egun berezi horretan, baita futbol txapelketa edo gazte eta helduentzako mendi ibilbide neurtua ere.

Deigarria da nola aipatzen den, hamarkada honetan elizak hainbat urteetan “agarrao” dantzatzea debekatu izana. Orduan botere handia zuen apaizak eta arin-arin, fandango eta kalejira besterik ez zituen onartzen.

40ko eta 50eko hamarkadak
Gerraren ostekoak dira festei buruz aurkitutako hurrengo aipamenak.

Hauetan, 40ko eta 50ko hamarkadetan, koadrilek eta herritarrek jaiak alaitzen ziztuztela nabarmentzen da.
Koadrilek ez zuten diru askorik izaten eta, hala ere, momentuan antolatzen zituzten herritarrei barre eragiteko muntaiak edo txiste lehiaketak.

Elizak hainbat urteetan “agarrao” dantzatzea debekatu izana. Orduan botere handia zuen apaizak eta arin-arin, fandango eta kalejira besterik ez zituen onartzen.



“Gure Etxea”-ko Manuel Sagardia herritarrak ere hainbat ekintza antolatzen zituen asmo berarekin.
Hamarkada honetan hasi ziren lehen orkestinak. Baina ez zen hori musikarekin lortuta zegoen ekintza bakarra Aurelio Castroren errondaila, gramola, Hernaniko banda, txistulariak, akordeoi joleak, dantzariak... denetarik egoten zen.

Eta, noski, 1947an, Danborrada sortu zuen Jose Antonio Muguruzak.

Honetaz gain, kirol ekintza ugari ere mantendu zen, hala nola, pilota, txirrindulari txapelketa... Eta berriak ere gehitu ziren, boxeoa.

60ko eta 70eko hamarkadak
Ibilbidean, 1960ko hamarkadako jaietara iritsi gara. Hauek, Jexux Mari Egizabalen laguntzarekin errepasatu ditugu.

“Orduan, estropadak izaten ziren Oria ibaian. Batelekin egiten zen lehia. Jende asko etortzen zen hauek ikustera,” dio Jexux Marik.

Txirrindularitza txapelketa izaten zen San Pedro Jaietan. Michelinek antolatu zuen urte batzuetan. Arg.: Tomas Fernandez
San Pedro, Orio, Getaria eta horrelako taldeak etortzen ziren eta “herritarren artean ere talde bat egin zen.”
“Bi norantzetan egiten zuten arraun, bat Oria aldera eta bestea Usurbil aldera, batek Txikierdin ematen zuen buelta eta besteak zubian.”

Segalariak ere egoten zirela gogoan du, “kalejira egiten zen Zumaburu auzoraino. Orain etxebizitzak daude baina orduan irla zen eta belazea zegoen, hor egiten zen proba. Honetara ere jende asko etortzen zen.”
Txirrindulari txapelketa ere aipatu du, baita Manolo San Jose herritarra ere. “Txirringa gainean zuen trebetasuna erakusten zuen. Eskuleku gabe edo eser leku gabe ibiltzen zen batzuetan, hiru txirringaren gainean besteetan.”

Eta Soka-muturra ere izaten zela aipatu digu.

Hau guztiaz gain, “dantzariak ere egoten ziren eta musika oso garrantzitsua izaten zen”.

Hernani edo Bergarako musika banda etortzen ziren San Pedro egunean eta meza ondoren eskaintzen zuten haien kontzertua.

Jazban edo orkestinak ere izaten ziren arratsalde eta gauetan eta dantzaldia egoten zela gogoratzen du Jexux Marik.

“Beotibar orkestina, oso famatua eta garrantzitsua, etorri zen behin baino gehiagotan. Diego Bikondoa ere etortzen zen eta herriko Manolo, ez dut bere abizena gogoratzen eta beste musikari batzuekin jotzen zuten,” aipatu digu.

Giro ederra izaten zela adierazi dio eta Añorga, Andoain, Hernani eta Donostiatik, batez ere, Antigua auzotik jende asko etortzen zela azpimarratzen du. “Autobus bereziak izaten ziren gauetan dantzaldia bukatzerakoan eta beteak joaten ziren.”

Manuel Sagardiak hainbat ekitaldi antolatzen zituen jendea animatzeko. Argazkian, oilarren arteko borroka. Arg.: T. Fernandez


Era berean, Mikel Ormazabalek idatzitako artikulotxo batean, Katalunia eta Gipuzkoako selekzioen arteko errugby partida bat ere izan zela aurkitu dugu.

70ko hamarkadan, berriz, artikulu beraren arabera, txupina botatzen hasi ziren eta bonba japoniarrak ere izaten ziren haurrentzat.

Baina ekintza hauetaz gain, aipagarriak dira beste ekintza hauek: hondar gazteluen lehiaketa eta margo lehiaketa izan zen Michelinen, minoret taldea izan zen jaietako erreginaren desfilean eta hiru gurpileko autoen lasterketa egiten zen “Oriako zirkuituan” zenean.

Beste gertakariak
Baina jaietaz aparte, beste gertakari garrantzitsuak ere gertatu izan dira San Pedro jaietan edo aurreko egunetan.

1948an, ekainaren 27an, Michelinek egindako frontoia inauguratu zen.

1960ko ekainaren 30ean, esate baterako, Okendo plaza inauguratu zen.

Ekitaldi honetan Hernaniko Schola Cantorum eta Musika taldearen emanaldia izan zen.

Eta 1968an San Pedro jaiak hasi baino lehen, herriarentzat garrantzitsua zen Golf-a itxi zuten.

Beraz, irakurri bezala, Lasarte-Oriako festen barruan hamaika ekintza burutu dira. Akaso hauetako batzuk berreskuratu ahalko lirateke hurrengo San Pedro jaietan.